Irungo Euskararen Hilabetean, 7.000 ikaslerentzako jarduerak
Euskararen Hilabetean antzerkian eta magian oinarritutako jarduerak egingo dituzte, hiriko ikastetxe eta institutuetako ikasleei begirakoak.
Hilaren 26tik martxoaren 13ra Euskararen Hilabetea izango da Irunen, udaleko Euskara arloaren ekimenez. Haurren eta gazteen euskararekiko motibazioan eragin nahi dute, euskararen aldeko jarrera positiboa sustatzeko. Euskara, gure altxorra izenburupean egingo dituzte jarduerak, eta parte hartzaile bezala hiriko 7.000 ikasle izango dira: HHtik DBH4ra artekoak dira ikasle horiek, hiriko ikastetxe eta institutuetakoak. Antzerkiak eta magia ikuskizunak dira programaren ardatz. Gaur eman dituzte gaiaz xehetasunak Monica Martinez udaleko Euskara ordezkariak eta Arantza Zulet teknikariak.
Jardueren barruan, Asier Kidan magoaren ikuskizunak gozatuko dituzte HHko ikasleek hilaren 26, 27 eta 28an. Martxoaren 5 eta 6an, LHko 3. eta 4. mailetako ikasleek Txalo Produkzioak taldearen Jon beldurgabea antzerkia ikusi ahal izango dute. Martxoaren 11n, berriz, DBHko 1. eta 2, Mailetakoen txanda: Eidaberen Mari eta gaileta fabrika antzerkiaren ikusle izango dira. Bukatzeko, martxoaren 13an, DBHko 3. eta 4.mailakoentzat eskainia, Txalo Produzkioak taldearen antzezlana: Zoaz pake santuan.
Jarduera horiek guztiak Amaia Kultur Zentroan egingo dituzte.
Horiez gain, Irunero aldizkarian bi ale berezi argitaratuko dira. Batean HHko eta LH1etik LH4ra artekoen lanak agertuko dira, bestean LH5 eta LHkoenak, nahiz DBHkoenak. Ikastetxe eta institutuetan banatuko dira horiek, eta udalaren Euskara Arloaren webgunean ikusgai jarriko dituzte.