Inauteriak ospatzeko hamaika jarduera antolatu dituzte ostegunetik aurrera
Txomin Sagarzazu alkateak eta Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak egitarauaren aurkezpena egin dute gaur goizean, udaletxean.
2020. urteko inauterietarako atondutako egitarauaren berri eman dute gaur goizean Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Juan Luis Silanes Kalixa Kultura zinegotziak. Lehenik eta behin, herritarren urteroko parte hartzea eskertu nahi izan du Sagarzazuk «ezinbestekoa» dela iritzita, «inauterien zentzua herritarrek osatzen dutelako, mamitzen dutelako eta haien proposamenei erantzunez jokatzen duelako udalak».
Silanesek bere aldetik, jarduera guztiak posible egiten dituzten eragile ezberdinei erakutsitako jarrera ere eskertu nahi izan die, besteak beste: musika eskolako kideei, Emeki eta Mugiri elkarteei, Meakako Adixkideak taldeari, eta desfilean parte hartzen duten bertako elkarte, norbanako, talde handi eta txikiei ere. Denera, 30.000 euroko diru-saila bideratu du udalak aurtengo inauteriak antolatzera.
Egitaraua:
- Hilak 20, osteguna: Ikasleen inauteri kalejira Alde Zaharrean zehar, 18:00etatik aurrera, Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak antolatuta.
- Hilak 21, ostirala: Mugiri elkartearen eskutik, parodia Arma plazako karpan, 18:00etan.
- Hilak 22, larunbata:
- 09:00etan. Emeki elkarteak antolatuta, mairuak baserriz-baserri eskean ibiliko dira, Sainduatik abiatuta.
- 12:30ean. Abiyuan Txaranga herriko kaleetan zehar ariko da.
- 14:30ean. Herri bazkaria Arma Plazan. Sarrerak agortuta daude dagoeneko.
- 15:30ean. Euskal inauteria baserriz-baserri Meakako Adixkideak eta Egoipar Meaka euskal dantza taldeen eskutik.
- 17:00etan. Mozorro festa Puntaleko eskolan behin-behinean kokatutako gaztelekuan.
- 18:00etatik 24:00etara. Peña Poteo txarangak eta Dj Albarok girotuta, poteoa Alde Zaharrean L3 taldeak antolatuta.
- Hilak 23, igandea:
- 10:30ean. Desfilea Arma plazatik abiatuta eta Minasoroeta, Sabin Arana Goiri, Bernat Etxepare, Zuloaga eta San Pedro kaleak zeharkatuz.
- 19:00etan. Sun magoaren Liluraren laborategia ikuskizuna Itsas Etxea auditoriumean. Sarrerak lau euroan jarriko dira salgai.
- Hilak 24, astelehena: Inauterietako sarien banaketa, udaletxeko areto nagusian, 19:30ean hasita.