Talaia eta institutu ingurua hobetzeko bilera parte hartzailea antolatu du udalak
Bizilagun, ikasle, irakasle, guraso, eragile eta oro har, herritar oro paseo kritiko bat ematera deitu ditu udalak inguruak dauzkan beharrak identifikatuak izan daitezen.
Hilaren 19rako finkatu du Hondarribiko Udaleko Juan Luis Silanes Kalixa Ingurumen eta Hezkuntza zinegotziak bilera parte hartzailea burutzeko hitzordua, 18:30ean, Talaia-Bordari ikastetxearen inguruetan. Helburua argi azaldu du gaur eskainitako prentsaurrekoan: Paseo kritiko bat eman, eta ingurua egokiagoa izan dadin beharrak eta gabeziak identifikatu hobekuntzak egin daitezen. Auzotar, guraso, ikasle, irakasle eta orokorrean herritar oro bileran parte hartzera gonbidatu ditu zinegotziak.
Ikastetxeetako inguruak hobetzeko esperientzia pilotua abiatu zuen udalak iraila inguruan Bitoriano Juaristi kalean. Arrakasta ikusita, esperientzia errepikatu nahi du tokiko gobernuak Baserritar etorbidean. «Oinez eskolara joateko ibilbideak edota ikastetxeen inguruan dauden eremuak erosoagoak eta seguruagoak izatea» da azken helburua Silanesen hitzetan.
Baserritar etorbidea eta Talaia-Bordari ikastetxearen ingurua «berezia» dela iritzi dio hautetsiak: «Azken finean errepide bat da». Hortaz, Aspune kalea norabide bakarreko zirkuitua izatea da departamentuaren proposamena, eta era berean, oinezkoentzako zein bizikletentzako «seguruagoa eta txukunagoa» bihurtu nahi dute espazioa.
Mugikortasun iraunkorra sustatzeko planarekin egin bezala eta bertan planteatu duten moduan, «parte hartzea sustatzen saiatzen ari gara», erantsi du zinegotziak. Halaber, hilerrirako bidea egingo duen autobusa Aspunetik ere jaistea aurreikusi dutela aurreratu du Silanesek, zerbitzu hori ere ikasleek erabili dezaten. Hala eta guztiz ere, horrek oraindik ere denbora gehiago hartuko duela zehaztu du, momentuz plegua osatzen ari baitira.