Carlos Malles: «Hauteskundeak baino lehenago, 'hobe isilik' esan zidaten»
Jaialdia bertan behera geratu izanaren eta horrek edukitako ondorioen gainean mintzatu da arduraduna. «Ulertezina» da Mallesentzat EAJren gobernu taldeak eta alkateak berak jaialdiaren zein haren kontra erakutsitako jarrera.
Ez da oso itxaropentsu agertu Carlos Malles Hondarribia Blues Festivaleko eta Blue Vision enpresako zuzendaria egoerarekin. Arazoak, jaialdiko arduradunaren aburuz, nonbait, EAJk osatutako gobernu taldearekin eta Txomin Sagarzazu alkatearekin lotura zuzena dauka, eta egoera konpontzeko zein jaialdia berreskuratzeko «borondate eza» egotzi die. Harago jo du akusazioak berresteko, udaleko oposizioko alderdien eta Hondarribiko EAJren beraren babesa duela ziurtatu baitu.
Nola baloratzen dituzu udal gobernu taldeak zure aurka egindako adierazpenak?
Umekerietan ari direla iruditzen zait. Argudiorik gabe jarraitzen dute. Azken finean, kontua da, gizon honek [alkateak] ez dituela nire lana ezta azken bi fakturak ordaindu nahi ere, eta nik ezin diedala ordainketa horiei aurre egin diru laguntza osoa emhttps://bidasoa.hitza.eus/2020/02/06/blues-udal-gobernua-mallesi/an ez didatelako. Gogora dezagun 2018ko abenduan 150.000 euro baino gehiago ordaintzeke jarraitzen zutela.
Diru laguntza izenduna beraiek onartu zutela ere ekarri nahiko nuke gogora, eta orain ez dute nik egindako lana ordaindu nahi. Kontu hartzaile berria etorri zenean diru laguntza hori ez zela zuzena jakinarazi zuen. Ados. Baina guk beraiek onartutakoaren arabera lan egin dugu.
Zergatik uste duzu bat-batean eten dela jaialdia?
Pertsona hori [alkatea] kultur zinegotzi gisa udalean sartu zenetik, beti entzun izan dugu jaialdiari emandako diru laguntza kendu nahi zuela. Alkate izatera iritsi zenetik gaur arte jaialdiari eragindako kalteak begi bistakoak dira hasierako ekitaldiak eta azkenak alderatzen baditugu; zerbitzuak murriztuz eta babesleak galduz joan ginen. Ez dakigu zergatik, baina susmo ugari ditugu, eta egia da, betidanik, jaialdiaren aurka egin duela. Azkenean, zirrikitu legal bat aurkitu du dena pikutara bidaltzeko.
Antzerako kasuren bat ezagutzeko aukerarik izan duzu?
Begira, ezin dut izenik eman, politikaren goi mailan mugitzen den jendea delako, baita nazioarteko aitorpena jaso duten enpresariak ere, teknikariak, gertuko hirietako kontu hartzaileak… Legea Espainiako Industria ministerioaren mailako organismoen edota instituzioen artean aplikatu ohi dela esan didate, ez, ordea, enpresa txikietan, normalean malgutasun handiagoarekin jokatzen dute. Bestela, zertarako eskatuko genuke enpresa txikiek diru laguntza? 100.000 euro baino gehiagoko zama nire bizkar gainean jarri nahi izateak dena nahiko argi uzten duela uste dut. Are gehiago, kontu hartzaileak berak esan zidan akats bat zegoenez txosten bat egin behar zuela, baina lasai egoteko, gero zegokion politikariak sinatuko zuela eta listo. Kasu honetan hala ere, alkateak ez zuen dokumentu hori sinatu nahi izan eta niretzako, jaialdiarekin bukatu nahi izanaren beste adierazle bat besterik ez da.
Adierazpenen gerra albo batera utzita, egoera konpontzeko bilerarik egin al duzue?
Bilerarik ez, baina jaso dudan dei bakarra 2019ko apirilean izan zen, hauteskundeak baino pixkat lehenago, eta adeitasunez, hobe isilik egoteko eskatu zidaten. Falta zen dirua jasoko nuela sinetsita hala egin nuen. Horren ondoren, nik egindako deiak medio, haiekin hirutan biltzea lortu dut. Bilkura horietan konponbide ezberdinak proposatu nizkien arren, behin eta berriz haien ezetza besterik ez nuen jaso. Beraiek, aldiz, inoiz ez dute nirekin harremanetan jartzeko borondaterik erakutsi; are gehiago, dekretu bidez soilik komunikatu dira gurekin, esateko, ordaintzen ez bagenuen enbargatuko gintuztela.
Jaialdia Donostiara lekualdatuko zenutela egia zen?
2010-2011 urteetan jaialdia Nafarroara, Galiziara… eramango genuela esan izan da. Zurrumurruak ziren. Azken ekitaldikoa gertatu arte inoiz ez diogu aukera horri heldu nahi izan.
Maiz hitz egin da jaialdiak emandako errentagarritasun ekonomikoaz. Kulturari buruz hitz eginda, zer nolako ekarpena galdu du Hondarribiak?
Esparru hori nabarmendu nahi nuen, jaialdiak egindako ekarpen kulturala oso garrantzitsua delako. Umeekin egindako lana, Martuteneko espetxeko presoekin garatutako tailerrak… Jarduera benetan politak burutu ditugu. Euskal bluesaren inguruan, adibidez, festibalaren hastapenetan ezin genuen bertako taldeekin egitaraurik osatu bat edo bi besterik ez zeudelako. Horien ondoren, Psilocybeko jendearekin blues banda bat asmatu genuen [barre egiten du] eta dena bertako talde batek kontzertuen hasieran jo zezan. Azken urteotan, aldiz, aldaketa eman zen eta egunero, blues talde euskaldun batek zabaltzen zuen emanaldia nazioarteko izar handiekin agertokia partekatuz.
Jendeak ez zuen bluesa ezagutzen eta jazzarekin nahasten zuen maiz. Bluesaren inguruko kultura bat sortu zen, baita bizimodu bat ere. Nazioarteko aitorpena zuen festibala hondoratu ondoren, orain jaialdi berri bat sortu behar dutela esaten digute.
Bideragarria da lehiaketa publikoa egitea eta aurten blues jaialdirik egotea?
Inola ere ez, bideraezina da.
Egongo al da berriz ere bluesik Hondarribian?
Ez dakit. Iniziatiba berri bat sortzen ari da, oso itxura ona dauka, eta laster prentsa ohar bat argitaratuko dugu horren inguruan. Kontzertu solidario bat egitea da asmoa, baina egia esaten badizut, ekitaldiak hartutako dimentsioak gainditu egin gaitu eta beraz, forma eman behar diogu oraindik.
Egoera konpondu ezean auzitara jotzea pentsatu al duzu?
Auzitara momentuz ez, haien erantzunaren zain nagoelako. Izan ere, abenduaren 26an, Gabonetako opari gisa, tokiko gobernuaren dekretu bat jaso nuen hilabete bateko epean, hau da urtarrilaren 26rako, 50.000 eurotik gora ordaindu behar nuela esanez.
Gauza bat argi utzi nahiko nuke honen harira. Jendeak uste du udalak ez didala hitzartutakoa ordaindu. Ez. Ordaintzeke geratu den zati horrez gain, nik jasotako diru laguntzaren parte bat itzultzea nahi dute. Epea urtarrilaren 26an amaitu zen, eta errekurtso bat aurkeztu nuen abokatu baten bitartez. Izan ere, enbargoaren bidea ireki eta orain egingo dute benetan nire kontra.
Nola baloratzen duzu tirabira hain urrutira iritsi izana?
Niretzako ulertezina da hain urrutira jo izana. Begien bistan gelditzen da komunikatuan esan genuena, gizon honen [alkatea] herra jaialdiarekiko eta nire pertsonarekiko, batez ere. Konponbide erraza duten arazoak direla kontuan izanda, esaterako: ‘Aurten gaizki egin dugu, datorren urtean konponduko dugu’.
Gauzak ondo bukatzeko itxaropenik ba al duzu?
Ez dakit zer erantzun. Benetan, alkatea oso tematuta ikusten dut gai honekin. Isiltasunarekin amaitzea erabaki nuen ez nuelako nahi isiltasun hori ezkutuko zerbaiten adierazle gisa interpretatzea. Azkenean, gertatutakoa publiko egin nuenean, soluzioak bilatu beharrean, aholkulari, abokatu eta teknikariez inguratu zen nire komunikatuari erantzuteko. Ume baten mailako aitzakia jartzeaz gain, nire kudeaketa ekonomikoa zalantzan jarri zuen. Faktura guztiak mahai gainean jartzera gonbidatzen dut alkatea, aurkeztutako aurrekontu guztiak bete ote ditudan edo ez aztertzeko. Hala eta guztiz ere, nire lehentasuna oraintxe bertan nire egoera salbatzea da, eta beraz, jaialdia bigarren planoan utzi dut.
Egoera arintzen laguntzeko xedez, elkartasun kontzertua antolatzen ari dira
Hondarribia Blues Festivaleko webgunean irakur zitekeen mezua hilaren 1etik aurrera baieztatu egin du Carlos Mallesek elkarrizketa hau egin bitartean: Hondarribia Blues Festivalaren aldeko kontzertu solidarioa antolatzen ari dira. Mingo Balaguer blues musikari ezagunak bultzatu du iniziatiba, eta Mallesek adierazi bezala, horren gaineko xehetasunik momentuz eman ezin duen arren, aurki argitaratuko dituzte emanaldiaren nondik norakoak.
Aurrerapenik ez, baina kontzertuaren irizpideak eta helburuak dagoeneko argi utzi dituzte bultzatzaileek. Hala, helburuen artean daude, besteak beste: lehenik eta behin Mallesen aldeko diru bilketa egitea; gero, bluesaldia Hondarribiarentzat berreskuratzea, «Hondarribiarentzat zein ingurukoentzat sortzen zituen onura guztiak ezagunak baitira, baita musikari, bluesari eta kulturari orokorrean egindako ekarpen zabala ere»; eta azkenik, Txomin Sagarzazu alkateari eta haren gobernu taldeari «erabat oker daudela» jakinaraztea.
Hori horrela, ekitaldiak dagoeneko babes zabala jaso duela zabaldu du Balaguerrek, eta onartu duenez, «musikari eta zale asko dira jada nirekin harremanetan jarri direnak euren sostengua adierazteko».
Egokiena, Hondarribia
Kontzertuari heltzeko lokalizaziorik «onena» Hondarribia bera litzatekeela onartu du antolatzaileak, «baina imajina dezakegu udalak baimena ukatuko digula». Itxoin beharko dute, beraz, hitzorduaren lekua zein den baieztatzeko, baina inguruko herriei proposatzea aurreikusi dute.
Parte hartzen duten taldeak interes ekonomikorik gabe jotzera deitu dituzte, baita hornitzaileak eta babesleak ere. Horrez gain, dirua biltzeko edari eta merchandising guneak ahalbidetuko dira, eta gertuko komunikabideei laguntza eskatuko diete. Data, lekua eta formatua aurki zehaztuko dituztela iragarri dute.