Autokarabanek berriz ere aparka dezaketela Hondarribian ebatzi du epaileak
Udalak 2017an jarritako 5,5 metroko luzera eta 2,2 metroko altuera baino gehiagoko ibilgailuak aparkatzeko debeku seinaleak medio ezin zuten ibilgailu mota horiek udalerrian aparkatu.
Iazko otsailean Hondarribiko Udalaren aurka jarritako auzi errekurtsoa Sorbeltzen aldekoa izan dela jakinarazi berri du autokarabana erabiltzaileen euskal elkarteak. Zehaztu dutenez, epaileak taldeari eman dio arrazoia debekua justifikatzeko udal ordenantzarik ez zegoela argudiatuta, eta hortaz, autokarabanek berriz ere aparkatu ahal izango dute udalerrian.
Elkarteak komunikatu batean esplikatu duenez, «2017ko irailean Hondarribiko Udalak 5,5 metroko luzera eta 2,2 metroko altuera baino gehiagoko ibilgailuak aparkatzeko debeku seinaleak jarri zituen udalerriko hainbat lekutan». Autokarabanetako erabiltzaileek herria bisita ez dezaten jarri zituztela seinaleak ondorioztatu zuten elkartekideek.
Azaldutakoaren arabera, udalarekin harremanetan jarri ziren Sorbeltzeko arduradunak, hainbat bilera eta idatzien ondoren ordea, 2019ko otsailean «administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea» erabaki zuten «seinaleak inolako udal ordenantzarik baietsi gabe jarri zituztelako».
Epaileak bidaiari kolektibo honen alde egin du azkenean, eta tokiko gobernuari zegokion errekurtsorako epea igaro ondoren publiko egin dute albistea. Hori horrela, udalak «berehala» kendu behar dituela seinaleak zabaldu du elkarteak: «Gaur egun berriro posible da gure autokarabanak Hondarribian aparkatzea».