Montai enpresa taldea existitzea ukatu du Aitor Elorza arduradunak
Enpresa ezberdinak direla zehaztu du zuzendariak, eta Abotsanitzek Kultur Kirol Zerbitzuak eta Montai nahasten dituela ohartarazi du.
Montai enpresa taldea existitzea gezurtatu du Aitor Elorza konpainiako zuzendariak komunikabideetara bidalitako oharrean. Enpresa ezberdinak direla ohartarazi du Elorzak. Zentzu horretan, haren adierazpenen arabera, Abotsanitzek «udalari gainkostuak eragiteaz akusatzen du Kultur Kirol Zerbitzuak enpresa Montai enpresarekin nahasten du».
Elorzak beste hainbat argibide ere eman ditu haren aurka egindako akusazioen aurrean. Batetik, 2019ko hauteskundeetan zaintza lanak Events Onddar2ri esleitu izana nahierara egin zuela udalak dio arduradunak. «Enpresa horrek berak hirugarren bat kontratatu zuen lan hori egiteko, hau da, azpikontratatu egiten zuen. Komunikabide baten arabera, legez kanpokoa da hori».
Harago doa zuzendaria bere argudioetan, eta Events Onddar2 «100.000 euro inguruko fakturazioa» duen enpresa dela zehaztu du. Bi langile dituela argitu du Elorzak eta dioenez, «10.500 euro bideratzen ditu soldatetara, Merkataritza Erregistroaren arabera. Nola da posible hainbeste fakturatzea eta soldata horiek ordaintzea?».
Ildo horretan, Kultur Kirol Zerbitzuak enpresak Eudelen Udalhitz hitzarmena aplikatzen duela argudiatu du Elorzak, eta enpresa batzuei «lan prekarietatea» sustatzea leporatu die. «Aurrekontu txikiak egiten dituzte lanak egiteko, eta, jakina, horrek eragina du sektorean. Enpresa garen aldetik, guk ezin dugu ezer egin», erantsi du, «bai ordea administrazioek eta alderdi politikoek». Hala, «Igor Enparanek politikari gisa 38.321,34 euroko soldata duenak kontratazio publikoetan lan-prekarietatea saihestu beharko luke».
Azkenik, Abotsanitz taldea auzitara eraman duena Aitor Elorza bera dela berretsi du, «besteak beste, mafioso deitzeagatik».