Kemeneko kideek dantza eta kolorez apainduko dituzte inauteriak
Kauteren Konpartsa, Lantzeko Inauteria eta Puska Biltzea egingo dute datozen bi asteburuetan. Urteko lehen emanaldiak izango dira dantzarientzat.
Irungo Kemen Dantza Taldeak dena prest du aurtengo inauterietarako, urteko lehen hitzorduak jarri dituzte. Larunbatean hasiko dira inauterietarako espresuki antolatu dituzten ekitaldiekin. Zehazki, Hungariako Kauteren Konpartsarekin bat egingo dute Kemeneko kideek, desfilearen amaieran dantzatuz. 19:00etan irtengo dira kaldereroak Alberto Anguera plazatik, San Juan plazan bukatzeko. Bidean, erregea, erregina, damak eta hartzak hartuko dute parte, eta lapiko, zartagin eta mailu hotsek kaleak hartuko dituzte.
Hurrengo asteburuan berriz, Lantzeko Inauteria eskainiko dute Kemen Dantza Taldekoek, hilaren 22an (larunbata da). Alde batetik, Lantzeko inauteriko hainbat dantza prestatu dituzte dantzariek, eta bestetik, antzerki klasikoa ere eskainiko dute, Miel Otxin, Txatxoak, Ziripot, Zaldikoa eta Perratzaileak protagonistekin. Orotara, Kemen dantza taldeko harrobi Adaxkako 200 gaztetxok hartuko dute parte desfilean. 11:30ean irtengo dira Pio XII plazatik.
Igandean aldiz, Puska Biltze klasikoaren txanda izango da. Olaberria auzoko baserri eta etxeak bisitatuko dituzte goizean zehar, bertako atariak garbituz, etxekoentzat erromeriak antolatuz, eta goiza goxatzeko puskak bilduz.