Urre-meatze baten inguruan sortutako istorioa taularatuko du ostiralean Titzinak
Herri txiki bateko bizilagunen artean urrearen ustiapenak sorraraziko dituen egoerak, anbizioak, harremanak eta aldaketak jorratuko ditu 'La zanja' antzezlanak.
Titzina antzerki konpainiak La zanja izenpeko lana taularatuko du hilaren 21ean ostiralarekin, Itsas Etxea auditoriumean, 20:00etan. Herri txiki batean urre-meatzeen esplotazioaren harira sortuko diren egoerak, harremanak, anbizioak eta aldaketak izango ditu hizpide antzezlanak, Alfredo herriko alkatearen eta Miguel meatze multinazional bateko teknikariaren bitartez, «hainbat mende lehenago Pizarro eta Atahualpa egon ziren iragarpen eta mitoen lur berean».
Sarrerak eskura daitezke dagoeneko ohiko lekuetan Hondarribiko Udalak jakinarazi duenez, zortzi euroan orokorra eta lau euroan 18 urtez azpikoentzat.
Diego Lorcak eta Pako Merinok 2001. urtean sortu zuten Titzina konpainia, Cerdanyola del Vallèsen (Bartzelona, Herrialde Katalanak). Sormenean oinarritutako antzezlanak taularatzen ditu konpainiak, ikuspegi komikoa, ironikoa eta tragikoa uztartuta.