[Bideoa] Inoizko markarik onena eskuratu du Teresa Errandoneak
8.11 segundoko marka egin du asteburuan Zaragozan, emaitza historikoa. Munduko txapelketarako minimoa eskuratu du emaitza honekin, Espainiako Estatuko historiako atleta onenen artean sailkatzeaz gain.
Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) Teresa Erradonea irundarrak sekulako ikuskizuna eman du asteburuan Zaragozan. Izan ere, 8.11 segundotan zeharkatu ditu oztopoz beteriko 60 metroak atleta gazteak, inoizko marka pertsonalik onena. Emaitza historiko honekin, berriz ere, taldeko, Gipuzkoako zein Euskadiko errekorrak poltsikoratu ditu.
Aurreko asteetan lortutako 8.20-ko markarekin (Gipuzkoako eta Euskadiko errekorra lortu zuen) heldu zen Errandonea Zaragozara, eta egoera fisiko itzelean dagoela erakutsi zuen. Emaitza honek munduko txapelketara sailkatzeko minimoa ahalbidetu dio irundarrari. Gainera, Espainiako Estatu mailako atleta onenen artean sailkatzea ere lortu du; historiako bosgarren emaitza onena lortu du Errandoneak.
Hona BAT, Gipuzkoa eta Euskadiko errekorra beste behin hausteko egindako lasterketa: