Abotsanitz: «Hauteskundeetan ere gainkostua eragin zuen Montaik»
Iazko apirilaren 28ko eta maiatzaren 26ko hauteskunde egunetan «Itsas Etxea hauteslekuko zaintza lanengatik» kostua puztu izana leporatu dio udal taldeak enpresari.
Baserritarren azokaren ustezko gainkostuarekin egin bezala, Abotsanitzen Udal Taldeak 2019. urteko apirilaren 28ko eta maiatzaren 26ko hauteskunde jardunaldietan ere prezioak puztu izana egotzi dio Montai enpresa taldeari. Itsas Etxea hauteslekuko zaintza lanengatik eman zela gainkostua zabaldu du alderdiak. Izan ere, adierazitakoaren arabera, udal gobernuak «Montai taldeko Kultur Kirol Zerbitzuak enpresari nahierara esleitu zizkion [zaintzak], beste aurrekonturik kontuan hartu gabe» eta aurkeztutako aurrekontua «414 eurokoa izan zela (BEZ aparte)» zehaztu dute.
Bestalde, azaroaren 10eko hauteskunde eguna adibide gisa jarri du herri batzarrak bere akusazioak argudiatzeko. Izan ere, Events Onddar2ri eman zizkiola lanak esan du Abotsanitzek, «264 euroko (BEZ aparte) aurrekontua aurkeztu baitzuen tokiko enpresak, 150 euro merkeagoa».
Gertatutakoak argi uzten du taldearentzat, «batetik, Kultur Kirolek arloko preziotik oso gora dagoen aurrekontua aurkeztu zuela, eta, bestetik, udal gobernuak modu arinean jokatu zuela, ez baitzuen Montai taldeko enpresaren eskaintza beste prezioekin alderatu».