Hasteko, etxean garaile
Hondarribia Arraun Elkartearen gizonen A ontziak irabazi du herriko traineru jaitsiera. Emakumeetan, Hondarribia bosgarren eta Hibaika seigarren.
Otsailaren hasieran egindako estropada izanda, ondorio handiegirik ateratzeko aukerarik ez dago. Baina beti da inportantea, goi mailako kirolean, goian egotea eta irabaztetik gertu izatea. Horregatik, baloratzekoa da gizonen Ama Guadalupekoa ontziak larunbatean, herrian, lortutako garaipena. Hondarribiko XX. Traineru Jaitsiera Hondarribia Ak irabazi zuen gizonetan bederatzigarrenez, Bermeo sei segundo atzetik utziz, eta Donostiarra 18 atzerago.
Oarso Bidasoko gizonen traineruen errepasoa eginez gero, San Pedroren lana ere ona, bosgarren izan zen. San Juan 11. sailkatu zen, justu Hondarribia Bren aurretik, eta 17. postuarekin konformatu behar izan zen berdeen hirugarren ontzia.
Emakumeetan, Arraun Lagunak irabazle Orioren aurretik. Hirugarren TAK Oria (Tolosaldea), laugarren Donostiarre, eta bosgarren eta seigarren, hurrenez hurren, Hondarribia eta Hibaika.
Itsasoa ez zen oso mugitua egon, baina haizeak bai gogor jo zuela, mendebaldetik. Arraunlarientzat ez zen erraza izan arraun egitea.
Otsailean gaude, ekainera arte ez dira hasiko traineruen liga ofizialak, baina jakitunen eta adituen apunteetan idatzita gelditu da larunbatean Hondarribia izan zela garaile.
Ondoko estekan klikatuz gero, larunbateko estropadaren sailkapen osoa: Hondarribiko XX. Jaitsiera, sailkapena (PDF artxiboa da).