[Bideoa] Egiluz berehala husteko agindua jaso du gazte asanbladak
Gaurko agerraldian, hilabeteetan zehar jaso duten babesa guztia eskertu dute, "hori izan delako proiektuari hasiera hasieratik indarra eman diona", eta aurrerantzean ere babes hori beharrezkoa izango dutela esan dute, "orain bizirik mantentzeko". Halaber, errepresioa baztertuta,negoziazioaren aldeko apustua egitera deitu ditu inplikatuta dauden alde guztiak.
Egiluz jauregia husteko agindu jaso dutela jakinarazi dute Hondarribiko Gazte Asanbladako kideek gaur goizean, gaztetxean bertan egindako agerraldi jendetsuan. Abenduan, Egiluz jauregiaren gaineko bigarren epaiketa jarri zen martxan, eta hilabeteetako ibilbidearen ondoren jaso dute ebazpena orain: Egiluz hustu beharko dute ebazpen horren arabera, berehala, gainera.
Gaurko agerraldian, hilabeteetan zehar jaso duten babes guztia eskertu dute, “hori izan delako proiektuari hasiera-hasieratik indarra eman diona”, eta aurrerantzean ere babes hori beharrezkoa izango dutela esan dute, “orain bizirik mantentzeko”. Horren harira dei zehatza egin diete herritarrei aurrerantzean egingo dituzten iniziatibetan parte har dezaten: “Edozein motako elkartasuna adieraztera deitzen ditugu”. Babesa eskatzearekin batera, argi utzi dute gaurko agerraldian gazte asanbladako kideek, gaztetxearen hustea eta horrek ekar dezakeen konfliktoa ekidin daitekeela, eta horretara deitu dituzte zehazki inplikatuta egon daitezkeen eragile guztiak, “konponbide bat bilatzera negoziaketa bidez. Oso argi dugu hori izango dela bide egokia, eta ez errepresioa. Orain arte egin dugun bezala, konpromiso horretan berresten gara”. Negoziaketarako borondatea serio hartzeko eskatu dute bildutakoek, “desalojo agindua berehalakoa baita, eta hortaz, denbora amaitzear baitago. Negoziaketaren ateak ixten badizkigute, guk errepresioari ez diogu aterik irekiko”.
Iazko Aste Santuan, apirilaren 19an zehazki, abiatu zuten gaztetxearen proiektua Hondarribiko Gazte Asanbladako kideek, Egiluz jauregiko ateak irekita. Oso gogoan izan dute jende ugari bildu zela bertara egun hartan, eta aste osoan modu batean edo bestean proiektuari bere ekarpena modu batean edo bestean egitera, “lan egun eta asanbladen bitartez antolatu eta egonkortu zen Hondarribiko gaztetxea”.
Gogoan izan dute, gainera, jauregiaren ateak herriari eta zehazki, gazteei zabaltzeak errepresioa pairatzea ekarri ziela, eta lau kide auzipetu zituztela usurpazio delitua egotzita, baita epaiketa prozesuan barneratu ere: “Epaiketa hartatik absolbituta atera ginen, eraikin hau guztiz utzita baitzegoen, eta guk hobetu besterik ez genuelako egin. Baina elizak mantendu egin du bere jabetza ukiezina izateko borroka”.
Beste behin ere, zalantzan jarri dute Egiluz jauregiaren jabetza elizarena izatea gazte asanbladako kideek, “legez elizarena izango da, baina ez du ezertarako behar, bestela ez zuten hamar urtez eraikin historiko hau mantenurik gabe utziko, hautsez, hezetasunez, eta itoginez betetzen. Gu izan gara eraikinari posible den erabilerarik onena eman diogunak”.Lan xumearen bitartez eraikinari beren ekarpena egin diotela erantsi dute, “herriarentzat erabilgarri bihurtuz”. Eraikinari bai, baina herriaren beharrei ere ekarpena egin dioten zalantzarik ez dute, “ez baita soilik gaztetxearen existentzia guk bermatu duguna, gazte langileon beharrei erantzuteko tresna baten existentzia baizik”.
Azken ideia horren gaineko azalpena eman dute: Hondarribian gaztetxea egotearen beharra aldarrikatzen dutenean, aisialdia kudeatzeko espazio batez harago doazela esan dute, “espazio politiko eta gune sozial bat edukitzeaz ari gara, hain zuzen ere”. Horren harira, egunerokoan, eragile askoren egoitza dela gaztetxea ekarri dute gogora, “astero-astero denbora honetan guztian zehar bete ditugun egitarauak ere: kontzertuak, hitzaldiak, selektibitaterako errefortzurako eskolak, Gazte Eguna, bidean diren migratzaileei laguntza eskaintzea, liburutegia, inauterietako parodia… gaur arte izan denaz eta bihar izan daitekeen guztiaz ari gara”.
Gaztetxea bizirik nahi dute, bizirik behar dute eta horren inguruan indarrak biltzera deitu ditu gazte asanbladak herritarrak. Bidea negoziazioa den zalantzarik ez dute, baina itxikeria baino ez omen dute aurkitu momentuz bide horretan; gauza bat argi dute, bederen: Egiluz herriarena izan dadin borrokan jarraitzeko intentzio osoa dute, “gurea dena defendatuko dugu”. Txalo artean eta Egiluz bizirik mantentzeko oihu artean amaitu dute agerraldia.