Montaik gainkostua eragin ziela hondarribiarrei salatu du Abotsanitzek
Baserritarren azokaren muntaketa eta desmuntatze lanen harira 2017an «10.000 euro baino gehiagoko gainkostua» eragin zuela zabaldu du udal taldeak.
Urtarrilaren 27an Hondarribiko Bake Epaitegian iragarri bezala, Montai enpresa taldea ikertzen aritu da Abotsanitz herritarrei gainkosturik eragin ote zion jakiteko helburuarekin. Eta udal taldeak gaur hedatutako oharrean hala izan zela baieztatu du. Baserritarren azokarekin zerikusia du gainkostu horrek Abotsanitzek esan duenez, eta 2017an zehar udalak enpresa taldea «nahierara» kontratatzeaz gain, «10.000 euro baino gehiagoko gainkostua» eragin ziela herritarrei ohartarazi du.
Asteazkenetan eta larunbatetan egin ohi da baserritarren azoka urte osoan zehar, Damarri plazan eta San Pedro kalean hurrenez hurren. Azokarako egituraren muntaketa eta desmuntatze lanen harira eragin zuela gainkostua Aitor Elorzak zuzendutako enpresak salatu du Abotsanitzek. «Enpresak 20.134 euro (BEZ barne) fakturatu zituen, hau da, 160 euro (BEZ gabe) eguneko», azaldu du.
2018ari begira, baina, aldaketa eman zen. Events Onddar2 izeneko enpresak aurrekontua aurkeztu zion udaleko Ingurumen departamentuari, eta «prezioa askoz baxuagoa zenez, 75 euro eguneko, arloko teknikariak 2018ko lanak enpresa horri esleitzea proposatu zuen». Events Onddar2 enpresak lortu zuen beraz esleipena, eta 2018an zehar hondarribiarrek «ia 11.000 euro gutxiago» ordaindu zituztela zehaztu du Abotsanitzek.
Hala eta guztiz ere, udal alderdiak nabarmendu duenez, «ezohiko gauza bat gertatu zen». Emandako azalpenen arabera, Montaik bigarren eskaintza bat egin zuen, %25 baxuagoa, 120 eurokoa hain zuzen. «Kontraeskaintzak egitea guztiz ohiz kanpokoa da kontratazio publikoetan erabat debekatuta dagoelako enpresa batek konpetentziak aurkeztu duen prezioa ezagutzea», argudiatu dute udal taldeko kideek. Hortaz, Montaik prezioen gaineko informazioa jaso zuela ondorioztatu du Abotsanitzek.
Etenik ez
Denboran aurrera eginez gero, irregulartasun gehiago eman zirela zabaldu du Abotsanitzen Udal Taldeak. Izan ere, 2019ko azokari begira hiru enpresek aurkeztu zuten aurrekontua, tartean, Montai, zeinak 76 eurora jaitsi zuen prezioa. Events Onddar2ri esleitu zion udalak kontratua lehen sei hilerako, 75,5 euroan.
«76 euroko azken eskaintza hori eginda, Aitor Elorzaren enpresak argi uzten du nahierara kontratatu zutenean arloko preziotik oso gora dagoen kopurua fakturatu zuela», salatu du alderdiak batetik, eta egoera aztertuta «udaleko barne informazioa zuela» ondorioztatu dute, bestetik.