Maria Ruiz: «Jendeak okerrago ikusten du emakume bat kartzelan egotea gizon bat baino»
‘Argi-izpiak txarrantxen artean' ikerlana argitara eman dute Maria Ruizek, Oihana Etxebarrietak eta Laura Varak espetxea feminismotik eraldatzeko gogoetarako proposamena mahai gainean jarriz.
Oihana Etxebarrieta hondarribiarrak, Maria Ruiz irundarrak eta Laura Vara errenteriarrak koordinatutako ‘Argi-izpiak txarrantxen artean. 14 begirada kartzela feminismotik birpentsatzeko’ azterlanak (UEU, 2019) espetxea eta feminismoa uztartzen dituen hausnarketarako gonbidapen izan nahi du. Ruizekin eta Etxebarrietarekin bildu da HITZA ikerlanaren nondik norakoak biltzeko asmoz.
Kartzela feminismotik birpentsatzeko hamalau begirada proposatzen dituzue, zein da ikerlan honen helburua?
Oihana Etxebarrieta: Izenburuak berak esaten duen bezala espetxe sistema, eta egun, espetxeak suposatzen duen guztia ikuspuntu feminista batetik aztertu behar dela sinetsita gaude. Horrek ahaztutako askori begirada jartzeaz gain, sistema honek patriarkatuarekin eta orokorrean jendarteak antolatzearekin duen harremana aztertu behar dugu. Gainera, ezin dugu aztertu zerbait isolatua izango balitz bezala, jendartea erreproduzitzeko eta gainera oso modu konkretu eta matxista batean erreproduzitzeko beste tresna bat delako. Hor sortzen diren botere mekanismoak, bereziki emakumeekiko bultzatzen den errepresio sistema oso lotuta dago jendarte matxista honekin, emakume ‘onak’ erreproduzitu nahiarekin, barruko zein kanpoko banaketa hori ondo mantentzearekin: gu eta besteak. Emakume ‘txarrak’, delitu hori egin dutenak demonizatuz bestelako emakume ‘onak’ egin nahi gaituzte. Bada sistema oso bat uste duguna baino eragin handiagoa daukana.
Maria Ruiz: Liburuaren ideia izan da biltzea azken urteetan egin diren zenbait lan emakume presoen eta kartzela sistemaren inguruan. Jende ezberdina, leku ezberdinetatik. Oihanak esan bezala, azkenean pentsatzen dutelako, eta pentsatzen dugulako, gai honen inguruan ikuspegi feminista batetik hitz egitea beharrezkoa dela. Gure helburua izan da bilketa lan bat egitea eta sortzea lan bakar bat horiek guztiak harremanetan jarriz, hausnarketarako baliagarria izango den material bat sortzeko, birpentsatzeko zer den kartzela, zer pentsatzen dugun, zein genero aurreiritzi ditugun emakume presoen aurrean, eta errealitatea ikusarazteko: beti baztertuagoak egon direla gizonak baino. Ez da proposamen itxi bat, ekarpen ezberdinak dira, hausnartzeko gonbidapen bat da, gauza asko zalantzan jartzeko, eta honen inguruan lanean jarraitzeko .
Zer suposatzen du aipatu duzuen guztiak preso dagoen emakume batentzako? Estigmatizatuak dira?
Ruiz: Ikusten da kartzela sistema guztia eta delituaren ideia bera androzentrikoa dela, dena pentsatua izan da gizonentzat, gizonekin erabiltzeko, gizonen aldetik. Emakumeak direnean lege hauste horiek egiten dituztenak eta preso daudenean, jarrerak, interpretazioak, ikuspegiak ezberdinak dira. Ondorio negatibo batzuk sortzen dira emakumeentzako plano ezberdinetan. Bata da estigma. Jendarteak nola ikusten dituen emakume horiek eta nola ikusten dituen gizonak, gaitzespena, kritika nolakoa den. Jendeak okerrago ikusten du emakume bat kartzelan egotea gizon bat kartzelan egotea baino.
Badago bigarren plano bat non emakume presoek, besteek bezala, barneratu ditugunez genero eredu tradizionalak bereziki sufritzen dute kartzelan daudenean ezin dutelako familia zaindu, ez daudelako familiaren ondoan, alaba eta ama txarrak sentitzen direlako, familiarentzako zama bat bihurtu direla sentitzen dutelako.
Eta badago hirugarren dimentsio bat kartzelako baldintzekin eta barruan dauden diskriminazioekin lotuta dagoena. Adibidez, ikusten denez emakumeek pairatzen dute dispertsio gehiago haientzako kartzela gutxiago daudelako, baliabide gutxiago dituzte, espazio txikiagoetan daude, askotan jarduera gutxiago eskaintzen zaizkie, bertan eskaintzen diren edukiak askotan oso sexistak dira. Zerrenda luzea da. Diskriminazio batzuk kalean gertatzen diren bezalaxe gertatzen dira kartzelan.
Etxebarrieta: Nik gehituko nuke infantilizazioa ematen dela beraiekin espetxean. Funtzionarioek emakume presoekiko daukaten gerturatzeko modua askotan da Señorita edo Don deitu behar izaten dietela euren zaintzaileei, horrek suposatzen duen karga moralarekin. Espetxea berez berrezteko sistema bat da, baina emakumeen kasuan, emakume ‘txarra’ izatera zigortzen dutenez ere, infantilizazio hori ematen da, eta zigorrak gogorragoak dira. Espetxearen kontra egin ditzakezun arau hausteen artean, logela ez garbitzea edo zure ohea ez egitea, askoz gehiago zigortuko da emakumeen kasuan zaintzarekin, garbiketarekin zerikusiarekin duten gauzak direlako. Areago, sexualitatearekin zerikusia duten gauzekin, espetxe mistoetan emakume bat eta gizon bat sexu harremanak izaten ikustean arrunta da emakumea zigortzea eta gizona ez, gizonek behar sexual batzuk dituztela ulertzen dutelako, eta emakumeek ez.
Maitasunaren gaineko atal bat jorratzen duzue. Zer nolako eraldaketa ematen da esparru horretan?
Ruiz: Esti de Miguelen planteamendua da. Zenbait pertsonek, Oihana tartean, maitasuna eta harreman sexu-afektiboak kartzelan aztertu dituzte. De Miguelek aztertzen du maitasuna izan daitekeela erresistentzia forma bat kartzelan. Egoera zailean daude, egunerokotasuna gogorra da, baina aurkitzen dituzte edo saiatzen dira aurkitzen zirrikitu txikiak horri nolabait aurre egiteko, egunerokotasuna jasangarriagoa izateko, lortzeko nolabait kartzelan bizirautea.
Etxebarrieta: Maitasuna modu zabalean ulertuta, preso baten eta presoaren ingurune hurbil horren azterketa egitea oso garrantzitsua da. Maitasun sare horiek egiten dute ez soilik presoak, bere ingurune guztiak sufritzea espetxe sistemak suposatzen duena. Espetxe sistemaren kaltetuen artean, beste alde horretara begiratuko bagenu bereziki emakumeek osatutako talde baten inguruan hitz egingo genuke. Senide askok esaten dute itxarongelak emakumez beteta daudela, eta itxarongela horietan dauden pertsona horiek kalte guztia sufritzen dute. Aldi berean, espetxearen egunerokotasunari aurre egin ahal izateko, ezinbestekoa da babes emozional afektibo bat emango dizun edonor edukitzea. Ez dakit erresistentzia praktika edo biziraute praktika bilakatzen den.
Estigma gutxiago izan dezaketen presoek, kasu honetan preso politikoek, babes sare handi bat dute zeinak maitasunez hornituko dituen. Espetxearen gogortasunari aurre egin ahal izateko oinarri sendo bat dute, nahiz eta bestelako gabezia asko dauden. Honekin ez dut esan nahi bizigarria denik inorentzako. Baina pertsona asko, eta batez ere emakumeak, afektu sarerik gabe geratzen dira askotan estigmak suposatzen duenarengatik, eta emakume atzerritarrez hitz egiten badugu, are gehiago. Nola egingo diote aurre horrelako egoera bati? Harreman lesbiko gehiago ematen dira erresistentzia bezala, afektuaren beharra daukazulako.
Ruiz: Elkarrizketatutako emakume presoek esaten zuten halako harremanek ilusioa ematen zietela, eta egunerokotasunean laguntzen ziela. Emakume preso horietako batzuek kartzelan hasten ziren harremanetan gizonekin, baina beste batzuk emakumeekin, eta agian ordura arte inoiz ez zuten izan harremanik emakume batekin. Kartzela barruan sortzen diren harremanek ez dute orokorrean jarraipenik izaten kanpoan, baina barruan garrantzia dute eta nabarmentzekoa da.
Etxebarrieta: Nabarmentzekoa da ere bai gizonen kasuan homosexualitate maskulinoa oso zigortua dagoela espetxe barruan. Maskulinitate hegemonizazio bat ematen da espetxean, indartsuarena eta maskulinoaren maskulinoena loratzen da. Interesgarria da Oier Azkarragak landutako lana euskal preso politikoen kolektiboaren barruan, eta nola batzuk erabakitzen duten homosexualitatea isiltzea bizirauteko. Nahiz eta kolektibo prestigiotsu baten parte izan.
Zein ondorio interpreta daitezke maskulinitate eredu horien gaineko hausnarketaz?
Etxebarrieta: Lotzen direla ez soilik espetxearekin, iruditegi kolektiboarekin baizik. Kolektibo baten parte izateak baditu bere alde ‘onak’, kakotxen artean diot, eta ‘txarrak’. Positiboa da, babes sare bat daukazulako, baina aldi berean kolektibo baten parte izateak iruditegi kolektibo baten parte izatea ere dakar. Iruditegi kolektibo horiek ere, jendarte baten parte garen heinean, genero arauaren baitan sortuak izan dira. Hor batez ere aztertzen dena da gudariaren figura hori nola eraiki dugun, historikoki nolako garapena izan duen, eta oraindik ere nolako pisua daukan. Ezin dugu ahaztu Zai dago ama, zai aita, zai andre ta lagunak abesten dugula oraindik ere, eta horrek ikusezin egiten du kolektibo horren parte bat: emakumeak. Eta emakume presoen kasuan sufritzen duten diskriminazioa hirukoitza baldin bada sozialen kasuan, politikoen kasuan laukoitza da, erregimen berezi batean zigortzen dituztelako. Ikusezintasun bat ematen da. Duela gutxi hasi gara hitz egiten sufritzen dutenaz, eta hori da mugimendu feministak eta errepresioaren aurkako mugimenduak elkarlotuta lanketa bat egiten hasi direlako. Emakume preso askok urteak pasa dituzte bakartuta, baina dispertsioaz hitz egiten genuen, ez dispertsioak emakumeei bereziki eragiten zienaz.
Gizonezkoen kasuan, eredu hegemoniko horretatik kanpo egon diren askok eredu horri aurre egiteko indarrik, gogorik edo aukerarik ez dute izan, bakoitzak bere arrazoiak medio, edo suposatu die horri aurre egin behar izateko extra bat hortik ateratzea, zaurgarri irudikatzea. Ikerlana egin nuenean ikusten zen nola preso politikoak emakumeak espetxetik ateratzen zirenean errazago onartzen zitzaiela psikologora joan behar izatea, baina gizonezkoen kasuan zaurgarritasun hori ez zen onartzen. Emakumeek hori apurtu dute, baina gizonezkoak apurtzen hasi diren arren, zama bat da beraientzako.
Zer proposatuko zenukete sistema honi aurre egiteko?
Etxebarrieta: Kontua da honen inguruan hitz egin behar dugula, sistema aztertu behar dugula, eta sistema aztertu bere orokortasunean. Hemen hori egiten saiatu gara, aspektu ezberdinetatik lantzen eta emakume ezberdinek zein gizonek espetxe sistemarekin sufritzen dutena hitzez adierazten hasi behar gara. Ezin dugu beste alde batera begiratu. Emakume eta gizon preso horiei ahotsa eman behar zaie. Espetxea, gainera, ez da inoiz amaitzen. Espetxea eta bere ondorioak beti geratuko dira pertsona horrekin. Eta horri ere heldu behar diogu. Argi-izpiak esaten dugunean, argia emateaz ari gara, oso opakoa baita sistema hau. Mariak esan bezala, ez dugu ekarri proposamen bat, ez da %100ean abolizionista, ez da sistemarekin jarraitzeko proposamena, ez da ‘emakumeez hitz egin dezagun’ eta listo, baina bai hasi behar gara aztertzen punitibismoak gugan duen eraginaz. Salhaketa Nafarroak, adibidez, antipunitibismotik egiten du azterketa eta Iruñeko talde bortxaketa bezalako sententzien aurrean, mugimendu feministako ahots batzuek eskatzen dutenean bizi osorako espetxe zigorrarekin xaxatzen gaitu. Hori problematizatzen hasi behar gara emakumeon gorputzak erabiltzen ari direlako zigor sistema okertzeko, estutzeko, indartzeko. Eta hori beti gure kontra dator.
Ruiz: Salhaketa Nafarroa, eta Paz Francesek eta Diana Restrepok egindako artikulua oso argi kokatzen dira kartzelaren eta zigorraren kulturaren abolizioaren alde. Kartzela zigorrarekin eta sistema penalarekin bukatzearen alde daude. Liburu honetan parte hartu duten beste pertsona batzuek ez dute hain argi. Nik uste dut planteamendua interesgarria dela, eta bestelako proposamenak egiten dituzte, adibidez, justizia errestauratiboa. Egia da gauden testuingurua ez dela bereziki irekia, eta azken urteak oso zigortzaileak izan direla. Oso gonbidapen interesgarria da hausnarketarako eta edozein kasutan, positiboa izango dela guretzat urratsak egitea kartzela sistemaren desagerpenerantz.