Amonaren ganbaran amesten
Gaur bertan estreinatuko du Lotura Films ekoizleak ‘Lur eta Amets’ filma. Filmaren zuzendari Joseba Ponce hondarribiarrak proiektuaren gainekoak azaldu ditu.
Azken urteotan Lur eta Amets pertsonaiak ezagunak bilakatu dira Euskal Herriko txikienen artean. Milaka haurrek Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia ipuin sortarekin gozatu dute, baita ikasi ere. Gaur, ordea, ipuinetatik zinemako pantaila erraldoira egingo dute salto anai-arreba bikiek. Izan ere, Lur eta Amets filma estreinatuko du Lotura Films ekoiztetxeak.
2015ean Ikastolen Elkarteak, Elkarrek eta Katxiporretak sortutako egitasmoari segida eman nahi izan dio Lotura Filmsek. Ipuin sorta famatua abiapuntu gisa hartuta, filma ekoizten buru-belarri aritu dira azken bi urteotan. «Euskal Herrian haur eta gaztetxoentzat gure historia kontatuko zuen produkziorik ez zegoelako ekin genion proiektuari», azaldu du filmaren ekoizpen arduradun Miren Berasategi sanjuandarrak. Hutsune hori betetzea da euren asmoa, eta abenturaz gozatzeaz gain, haurrengan iraganarekiko «interesa piztea» dute xede.
Lur eta Ametsek amona Andererekin asteburua pasatu behar dute, orduan hasiko da abentura. Bikotea baserriko ganbarara abiatuko da, eta amonaren eta haren katu Baltaxarren botereei esker, bidaia magikoa bizituko dute. Bidaia luze horretan, denbora salto ugari egingo ditu bikoteak, Euskal Herriko historiaren atal garrantzitsuenetatik. «Antzinarotik orainaldira luzatu dugu istorioa», azaldu du filmeko zuzendari Joseba Ponce hondarribiarrak. Bitarte horretan, akzioz beteriko zortzi pasarte bizituko dituzte Lur eta Ametsek. Lehenik erromatarren garaira egingo dute salto. Hortik Orreagako gudara abiatuko dira, ondoren Zugarramurdiko sorginekin batera pasarte berezi bat bizitzeko. Karlistadak, industrializazioa, Frankismo garaia, eta 1980eko hamarkada izango dira bikoteak bisitatuko dituen hurrengo garaiak. Orotara, 80 minutuko iraupena du animaziozko filmak.
Filma sortzeko gertaera historiko batzuetan oinarritu diren arren, Berasategik nabarmendu du ez dela film historiko bat. «Gerturatze bat da, gertakari errealetan oinarritutakoa noski. Abentura film bat da, baina era berean produktu hezitzaile bat ere bada». Finean, ongi pasatzeko eta aldi berean ikasteko aukera izango dute familiek zinema aretoetan.
Ez da soilik haurrei begirako lana, hori argi utzi dute sortzaileek. Etxeko txikienez gain, gurasoentzako filma ere badela diote Loturako kideek, familia guztiarentzako keinuz beterik dagoela filma. «1980ko hamarkadan helduok oso identifikatuta sentituko gara, eta aiton-amonak ere bai, frankismo garaian bereziki. Keinu asko daude, familia osoari begirako filma da», gehitu du Berasategik.
Artisau lana
Lantalde handia aritu da azken bi urtean gogor lanean. 60 kide inguruk euren hondar alea jarri dute proiektua aurrera ateratzeko. Marrazkiak, animazioa, musika, ahotsak… Guztia zerotik sortu eta kudeatzea lan zaila dela aitortu dute biek. «Gure prozesuak luzeak dira, oso artisaua da gure lana oraindik. Bi urte inguru behar izaten ditugu film bat egiteko», azaldu du Poncek.
Berezitasun bezala, euskararen aniztasunari keinu berezia egin nahi izan diote. Euskara batua nagusi den arren, protagonistek bisitatuko dituzten herrietako pertsonaiak euren euskalkietan ere ariko dira. «Euskarak duen aniztasun hori ikusarazi nahi izan dugu, euskararen alde ekarpen txiki bat eginez», gehitu du hondarribiarrak.
Oraindik azken lan honen promozioarekin ari diren arren, azkenaldian tartea atera dute proiektu berrietan sakontzeko. Arkaitz Canoren ipuin batean oinarritutako ikus-entzunezko produktu batean ari dira jada lanean. Beraz, 2022 inguruan, zinemetan Loturaren enegarren arrakasta helduko da.
Hemen, Oarsoaldean eta Bidasoan, Errenteria-Oreretako Niessen zinemetan gaurtik aurrera ikusgai egongo da Lur eta Amets filma. Ipar Euskal Herrian, berriz, asteazkenean (hilak 12) estreinatuko dute. Baina zinema handietatik harago joan nahi du Loturak, eta herriz herri aurkezteko asmoa dute. «Uste dugu filmak ibilbide handia izango duela herri txikietan», gehitu du Poncek.