EAJ: «Euskararen aldeko apustua gizarte kohesiorako ezinbesteko elementua da»
2020ko aurrekontuetan txertatu gabeko proposamenak aurkeztu ditu Irungo EAJ taldeak. Euskararekiko konpromiso handiagoa eskatu diote udal gobernuari.
Irungo EAJ taldeko Xabier Iridoy eta Josune Gomezek agerraldia eskaini dute gaur Batzokian. Bertan, euskararen erabilera sustatzeko 2020ko udal aurrekontuetan txertatzeko jeltzaleek izan dituzten proposamenak helarazi dituzte. «Ezinbestekoa da euskara hiritar guztion arteko elkar harremanetako eta gizarte kohesiorako ardatza izatea», adierazi du bozeramaileak. Udalaren erronka nagusietako bat euskararen sustatzea izan beharko lukeela nabarmendu dute, eta nahikoa egiten ez dutela leporatu diote udal gobernuari.
Etorkizuneko belaunaldiek euskararen konpromisoari eustea ezinbestekotzat jotzen dute jeltzaleek, eta horretarako Irunen oraindik asko egiteko dagoela nabarmendu dute. «Hau da gure helburua, gure etorkizuna izango diren belaunaldietan, euskararen erabilpena behar bezala sustatzea, eta datozen lekutik datozela ere, beraien egunerokotasunean euskaraz hitz egiteko, entzuteko eta irakurtzeko aukera izatea», esan du Iridoyk. Horregatik, euskarazko kultur eskaintza handitzea beharrezkoa dela nabarmendu dute. Era berean, 2020ko aurrekontuetan hainbat proposamen egin zituztela gogoratu dute.
Lehen proposamena Haurrak Parkean delako egitasmoa da. Eskolatik atera eta parkean dauden bitartean, jolasen bitartez, beraien arteko kooperazio eta elkarrekintza euskaraz sustatzeko helburua du proiektuak. Egun euskararen erabileraren hainbat azterketetan ondorioztatutako beharrei erantzungo lieke proposamenak, Gomezek azaldu duenez. Bigarren proposamena Euskaraldia indartzea da. «Bertan egon behar du Irunek, baita Irungo Udalak ere. Benetan, udaletxetik euskararen normalizazioan aurrera pausoak eman nahi badira, eta euskara gure izatearen alorretako bat dela sinesten bada, horrelako egitasmoekin bat egitea eta hauek ahalik eta modu eraginkorrenean jorratzea, ekintza, jarduera eta baliabide aberats eta erakargarriekin, ezinbestekoa da». Horregatik proposatu zuten jeltzaleek 2020ko udal aurrekontuetan horretarako diru partida handitzea, eta beste talde guztiek kontra bozkatu zutela gogoratu dute: «Deigarria iruditu zitzaigun hauetako batzuen ezezkoa, ondoren egiten dutenaren kontrakoa defendatzen dutela esaten baitute». Politikan koherentzia eta ardura beharrezkoa direla diote, interes alderdikoiak alde batera utzi behar direla horrelako gaietan.
Joan den azaroan Euskararen Aholku Batzordean Euskaraldiaren egitasmoetan sakontzeko deialdi bat jaso zutela esan du Iridoyk gaur, eta oraindik esperoan daudela. Bestalde, VI. Plangintzaldirako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren inguruko bilkuran, udal gobernuak euskara sustatzeko duen borondatea norainokoa den erakusteko aukera izango du jeltzaleen ahotan. «Guk beti esan dugun bezala, Irunen eta bertako pertsonen alde, modu eraikitzaile eta arduratsu batean lanean jarraituko dugu».