«Salaketa bidegabe eta funtsik gabekoak» egotzi dizkio udal gobernuak Carlos Mallesi
Blues jaialdiko Blue Vision enpresaren zuzendariaren «kaudimen ekonomikoa» zalantzan jartzeaz gain, orain arte udal gobernuak izandako «inplikazioa» berretsi du.
Hondarribiko Blues Jaialdia (HBJ) bertan behera geratu izanaren inguruko tirabirak jarraitzen dute Hondarribiko Udal Gobernuaren eta Blue Vision enpresako zuzendari Carlos Mallesen artean. Oraingoan, tokiko gobernuaren erantzunaren txanda iritsi da. «Salaketa bidegabe eta funtsik gabekoak» egin izana leporatu dio Mallesi, eta horren aurrean «beharrezkoa eta nahitaezkoa» ikusi du «zorroztasunez eta ekinbidez erantzutea».
Hiru argudio nagusi erabili ditu udal gobernuak bere erantzunean. Lehenik eta behin, Mallesen adierazpenak «deskalifikazio pertsonal» gisa jo ditu gobernu taldeak, eta «horrelako argudioak bilatzea eta horietan oinarritzea argudio objektiborik eta oinarri legitimorik ez dagoela adierazten duen zantzu nabarmena» dela iritzi dio. Bigarrenean, Blue Vision enpresaren kaudimen ekonomikoa zalantzan jarri du. Eta azkenik, «EAJren udal gobernuen inplikazioa» urte hauetan zehar berretsi du oharrean tokiko gobernuak, eta zenbatekoetan oinarritu du erantzun hori: «2018ra arte 2,5 milioi euroko partidak jarri ditu udalak aurrekontuetan; 300.000 euro 2019rako, eta beste hainbeste 2020rako».
Prozedura
Irizpide aldaketei eta prozeduran akatsa egotearen inguruan, udal gobernu taldeak bere burua defendatu du eta «itzulpen espedientearen ebazpena kanpoko auditoria batean eta udal txosten teknikoetan» oinarritzen dela dio. Are gehiago, udal kontu hartzailetzak egindako txostenen «garrantzia» nabarmendu du.
Hori horrela, Mallesen eskubidea desadostasuna agertzeko aitortu du EAJk, ez ordea zuzendariak egindako «legezkotasun ezaren inguruko baieztapen irmoa». Horrez gain, «alkateak bere aurka nahita jardun izanaren salaketa» ere gezurtatu nahi izan du gobernu taldeak.
Amaitzeko, blues jaialdiaren tankera eta mailako jaialdia antolatzeko lanean ari dela baieztatu du gobernu taldeak, eta 2019rako posible izan ez arren, «dagozkion administrazio izapideak» garatzen ari dela adierazi dute udal gobernuari, lehiaketa publiko bidez jaialdia garatzeko ardura izango duen enpresa kontratatzeko.