Jaitzubian agertutako ustezko sugegorriari eskaini dio Marmokak azken kanta
'Sugegorriaren itzal luzea' izenburupean, umorea eta kritika uztartzen ditu taldeak lan honetan. Komunikabideen aurrean aurkeztu dute gaur abestia, Lamiarri tattoo estudioan.
Gauza arraroetarako Honddarbi eta New York esaera gogora ekarri du Koldo Emery Marmokako kideak gaur goizean taldearen azken lana aurkezteko egindako agerraldian. Jaitzubiako paduretan ustez aurkitutako Gabongo sugegorriari eskaini nahi izan diote hondarribiarrek kanta, fake news edo albiste faltsuek har dezaketen hedapenak eragindako egoeraren zentzugabekeria agerian uzteko asmoz. Umorea eta kritika uztartu dituzte horretarako Marmokako kideek, eta hala erakutsi dute Sugegorriaren itzal luzea abestiaren aurkezpenean, Lamiarri tattoo estudioan.
Gaboneko sugegorriaren albistearen ondorioz piztutako «izua» izan du hizpide Emeryk, «eta azkenean zirauna bat zen. Kristoren hedapena izan zuen albiste horrek eta hartatik sortu zen abestirako ideia». Komunikabideetan izandako zabalpena dela-eta «Hondarribiko izena berriz ere agertu zen fake news horretan», iritzi dio musikariak, eta egoera aitzakiatzat hartuta, «umore eta kritika puntu batekin bota dugu berriz istorioa».
Hala, kanta idazteko garaian HITZAn Asier Perez-Karkamo kazetariak idatzitako Gabongo sugegorriaren itzal luzea erreportajeko zenbait pasarte baliatu dituztela onartu du taldekideak, «gauzatxo batzuk lapurtu nizkiola esan beharra daukat».
Zalantzarik gabe iazko irailaren erdialdean argitara emandako kantaren ondoren, urte honen hasieran grabatu du Hondarribiko taldeak Sugegorriaren itzal luzea kanta, Usurbilgo Haritz Harreguy estudioan.
Telmo Iridoy taldekide ohiak, bere aldetik, kanta Lamiarri estudioan aurkeztu izana denei oro har «ideia ona» iruditu zitzaiela onartu du. Baxua jotzen zuen Iridoyk hasieran Marmokan, baita diskoetako diseinua eta artelana egin ere. Horrez gain, tattoo estudioa eta concept store bat zabaldu du orain gutxi Leire Oterminekin aurrera eramandako proiektuan. Musika, diseinua eta tatuatzearen artean gehien maite duena zein den galdetuta, «sortzea» dela hondarribiarrak gehien atsegin duena argi utzi du Iridoyk.
Ondoko bideoan ikus daiteke Sugegorriaren itzal luzea kanta modu akustikoan, gaurko aurkezpenean.