Kontsumitzailearen Informaziorako Bulegoak errekorra hautsi du 2019an
Irungo Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak 2019 oparoa izan du. Datuei erreparatuta, 2.463 kontsulta egin dituzte, iaz baino %16 gehiago.
Irungo Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak 2019 oparoa izan du. Gaur bertan iazko balantzearen inguruan aritu dira udaleko Kontsumo arduradun Rebeca Gonzalez eta bulegoko arduradun Mikel Zabaleta. 2019ko datuei erreparatuta, 2.463 kontsulta egin dituzte, iaz baino %16 gehiago.
Herritarren %51ak bulegoan bertan egin ditu kontsultak, %21ak telefonoz eta beste %27ak helbide elektroniko bidez. «Kontsolidatutako zerbitzua da, urtero 2.000 kontsula inguru egiten dira, eta aurten errekorra hautsi dute datuek», adierazi du Gonzalezek.
Era berean, Mikromezuen Txapelketa aurkezteko probestu dute gaurko agerraldia. Kontsumitzailearen Eskubideen Nazioarteko Egunaren (matxoak 15) harira antolatu dute; sari banaketa martxoaren 13an izango da. Kontsumoarekin duzun esperientzia kontaiguzu lelopean egingo dute aurtengo edizioa, eta partaideek esaldi horrekin lortutako mezu, argazki edo bideoak aurkeztu beharko dituzte (400 karaktere gehienez). Lanak 673 318 590 telefonora bidali beharko dira, Whatsapp bidez. LH zein DBHko ikasleek izango dute lehiaketan parte hartzeko aukera.