Larunbatean helduko diote Emakumeen V. Pala Txapelketaren lehen jardunaldiari
Hamabi bikotek izena eman dute Emekik antolatutako txapelketan. Eskola kiroletik heldutasunera, pala eta eskupilota nesken zein emakumeen artean sustatzea da helburua.
Emakumeen V. Pala Txapelketa antolatu du Emeki elkarteak hilaren 8an larunbatarekin hasita. Aurkezpena burutu dute gaur goizean elkarteko Maria Jesus Berrotaranek, Luzia Elizondok eta Tzane Carrillok, Hondarribiko Udaleko Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzu, Berdintasun eta Lankidetza zinegotziak lagunduta. Hamabi bikotek eman dute izena 25 urteren ondoren antolatutako lehen txapelketan. Berrotaranek azaldu duenez, finkatutako helburu orokorra emakumeen kirola sustatzea bada ere, pala zein eskupilotari bereziki bultzada bat ematea ezinbestekoa ikusten dute. Are gehiago, eskola kiroletik hasita adin mugarik gabe bultzatu nahi dituztela pala eta eskupilota erantsi du.
Luzia Luzia Elizondo Emekiko kolaboratzaileak bere aldetik mailako txapelketa izango dela ohartarazi du. 25 urteko geldialdiaren ondoren, bosgarrena izango da aurtengoa. Izan ere, 1994tik 1997ra bitartean prestatu zituen Emekik emakumeen arteko pala lehiak, «arrakasta handiz gainera», Berrotaranen arabera. Hala, urtetik urtera geroz eta emakume gehiagok parte hartzea espero dute.
Hilaren 8an, 15ean eta 29an jokatuko dituzte parte hartzaileek kanporaketak eta martxoaren 7an egingo dute finala. Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatu nahi zutela finala zehaztu du Berrotaranek, eta era horretan aste horretarako atondutako ekitaldiekin bat egin. Azaldutakoaren arabera, sei bikote lehiatuko dira jardunaldi bakoitzean eta parte hartuko dutenen artean, Hondarribiko, Irungo, Hernaniko eta abarreko emakumeak daudela esplikatu du. Jokalarien arteko adin tartea ere zabala dela esan du Berrotaranek, hamalau urtetik 50tik gora. Elizondok bere aldetik partidak ikustera hurbildu daitezen eskatu die herritarrei zein bisitariei.
Hondarribiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du Emekik txapelketa prestatzeko. Are gehiago, Soroetako pilotalekua egokitu behar izan dutela ohartarazi du Larrarte zinegotziak: «Gogoratu nahi dut duela bi urte udalak 13.000 euro gastatu zituela frontoia margotzen, eta berriz ere dena zikindu egin dutela pintadekin. Berriz ere egokitu dugu, eta deialdia egin nahi dut errespetatua izan dadin».
Txapelketaz gain, ikasturtean zehar ikastetxeetan ariko direla pala eta eskupilota sustatzen ere aurreratu du Berrotaranek. Horren gaineko xehetasunak hala ere, aurrerago emango dituztela adierazi du.