Xakea, hezkuntzara, Leontxo Garciaren bitartez
Xakeak hezkuntzan izan dazakeen tokiaz hitz egingo du xakezale eta xake kazetari irundarrak. Hitzaldia hilaren 11n izango da, Palmera Monteron.
Leontxo Garcia xakezale eta xake kazetari irundarrak hitzaldia emango du hilaren 11n (asteartea) 19:00etan Palmera Monteroko bigarren aretoan. Solasaldiaren mamia izango da xakeak hezkuntzan duen baliagarritasunaz hitz egitea. Xakearen botere hezitzailea du izenburu hizketaldiak.
Garciaren iritzia da hezkuntzan tarte arautua izan behar duela xakeak, txikitatik gainera. Hala, bere uste pedagogikoaren adibideak emango ditu, baita hark bizitako esperientzien berri eman ere. “Xakearen gainean dauden hainbat tabu hautsi nahi ditut ere bai. Askok uste dute hezkuntzan xakea txertatzea dela gelan sartu, eta xakera jokatzen hastea. Ez da horrela. Askoz ere gehiago da. Gauza bat da kirol eremua, eta bestea hezkuntzakoa”, azaldu du Garciak.
Gaur eman dute hitzaldiaren berri Garciak berak eta Jose Antonio Santano alkateak. Azaldu dutenez, hiritar denei zabalik dagoen hitzaldia da hilaren 11koa, baina bereziki hezkuntza komunitateetako ordezkariak (ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, gurasoen elkarteak) nahiko lituzkete jaso solasaldian.