Izaki Gardenak eta Mice, hitzordu ekidin ezina Psilocybenea aretoan
Pop-rock eta rock alternatiboa taularatuko dituzte Gasteiztik eta Eibartik iritsitako taldeek, hurrenez hurren. Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko.
Izaki Gardenak eta Mice taldeek kontzertua eskainiko dute larunbatean, hilak 8, Psilocybenea aretoan (22:00). Lehenak pop-rock doinuekin beteko du aretoa; bigarrenak ordea, rock alternatiboa lau haizetara zabaltzeko prest igoko da oholtza gainera. Sarrerak interneten eskuragarri daude dagoeneko zortzi euroan; egunean bertan ere erosteko aukera egongo da leihatilan, hamar euroan.
Gasteiztik iritsitako taldea da Izaki Gardenak. 2012. urtean sortu zenetik lan ugari grabatu ditu taldeak, eta 2015ean ekoitzitako Aurri Gara lana dela-eta Espainiako musika amerikarra/folk disko onena izendatu zuen Mondo Sonoro aldizkariak. 2018an grabatutako Dena oskol lana da orain oholtza gainean entzun daitekeena.
Mice eibartarra bestalde, Miren Narbaiza Napoka Iria taldeko abeslariaren bakarkako lana da. Zilar Printzak lau kantek osatutako EPa da Narbaizak ekoiztutako azkenekoa eta Mendeluko aretoan entzungai izango dena. Rocketik abiatuta askotariko estiloak jorratuko ditu musikariak gitarra, baxua, sintetizadoreak eta ahotsa nahastuz.