Hamaiketakoa eramateko 'Boc'n Roll' bilgarri berrerabilgarriak aurkeztu ditu udalak
Egiluze, Ama Guadalupekoa eta Talaia ikastetxeetako lehen hezkuntzako milatik gora ikasleen artean banatuko ditu tokiko gobernuak bilgarriak.
Lehen eta seigarren maila arteko dozenaka ikasle bildu dira gaur goizean Hondarribiko Udaletxeko Areto Nagusian udalak haientzako prestatutako Boc’n Roll bilgarri berrerabilgarriak ezagutzeko asmoarekin. Txomin Sagarzazu alkateak eta Juan Luis Silanes Kalixa Hezkuntza eta Ingurumen zinegotziak burutu dute aurkezpena, eta ohitura osasungarriez gain, ingurumena zaintzearen garrantzia nabarmendu dute. Egiluze, Ama Guadalupekoa eta Talaia ikastetxeetako ordezkaritza bat izan da aurkezpenean. Denera, 1044 bilgarri banatuko ditu udalak.
Boc’n Roll-ak hiru helburu nagusi bete nahi dituela azaldu du Silanesek. Plastikoa eta aluminioa ordezkatzea, batetik; hondakinak murriztearekin batera ingurumena zaintzea, bestetik; eta bilgarri berrerabilgarrien erabileraren garrantziaz kontzientzia piztea, azkenik.
Hondarribiko traineruaren berde kolorez egin dituzte bilgarriak, eta Jaizkibelen aurki daitekeen flora eta faunaren izenak irakur daitezke bertan. Bilgarria mantel txiki baten modura ere zabaldu daitekeela nabarmendu dute bultzatzaileek papurrak bertan gera daitezen. Azkenik, umeen galderei erantzunez, soilik bilgarria nahikoa dela adierazi dute Silanesek eta Sagarzazuk, paperik eta plastikorik erabili gabe, ogitartekoa bertan sartu eta ondoren etxean ondo garbitu besterik ez dela egin behar azpimarratuz.