Anaka auzoko etxeen inguruaren birgaitzea auzotarrei aurkeztuko die udalak
Batzarrera deitu ditu Anakako bizilagunak Irungo Udalak, egitasmoa aurkezteko. Ostegunean da bilkura, 19:00etan, auzo elkartearen egoitzan.
Irungo Anaka auzoko hainbat etxebizitza berritzeko egitasmoaren berri emango die auzotarrei Irungo Udalak. Hori egiteko bilerara deitu dituzte ostegunean (hilak 6), 19:00etan Anakako Auzo Elkartearen egoitzan (Muinogaina, 46). Inguruko bizilagunei dago zuzenduta saioa. Bertan, egitasmoaren ildo nagusiak aurkeztuko dizkiete Anakako bizilagunei.
Egitasmoa aurkezteaz gain, horren gaineko iritziak bildu nahi ditu udalak, ekarpenak jaso eta egitasmoan txertatu ahal izateko.
Proiektua idazteko ardura Girder Ingenieros enpresari esleitu zaio, 34.182,50 euroko aurrekontuarekin. Informazio osoa Irungo Udalaren webgunean jaso daiteke.