Xabi Bandini: «1990eko hamarkada modan dago»
Popa eta elektronika uztartzen dituen ‘Biba’ lana taularatuko du gaur Psilocybenean (22:00), Lur Larraza eta Alberto Isabarekin.
Iaz kaleratu zenuten Biba proiektua, nola sortu zen?
Duela bi hilabete atera genuen proiektu hau, eta duela urtebete eta zertxobait atera nuen Begibakar nire bakarkako lehenengo diskoa. Kontua da, behin hori argitaratu nuela, oso istorio leuna izan zela, etxean grabatuta. Behin zuzenekoa prestatzen hasi nintzenean Alberto Isaba, Kerobiatik ere zetorrena, segituan animatu zen eta biak hasi ginen soinua prestatzen. Gutxinaka-gutxinaka hasi ginen kantak bermodulatzen soinu berriago batera, hasi ginen esploratzen elektronika mundua. Begibakar biran elektronika sartzen hasi ginen, hirugarren bat ere gehitu genuen taldera, eta ikusi genuena zen guk gustuko genuena momentu horretan zela zuzeneko potenteago bat eskaintzea, energia gehiagorekin, pixkatxo bat alde batera utzita akustikoa. Duela sei hilabete Deepsoda ekoiztetxekoekin hasi ginen lanean, eta planteatu genuen lan berri bat egitea, disko berri bat kaleratzea musika berri honekin. Hau da, gure kantak, baina elektronikarekin uztartuz. Prozesu horretan sartu zen Deepsodako jende guztia, eta Peio Reparaz ekoizle bezala. Bere magia disko osoan dago.
Elektronika kutsu hori sumatzen da eta 1990eko hamarkadako doinuen antza du.
Egia da. Badirudi hamarkadak joan ahala, beti ekartzen dugula duela 30 urteko hamarkada hura. Egun, 1990eko hamarkada modan dago. Ez dugu hori konszienteki esploratu, baina Alberto [Isaba] ona da sintetizadoreekin, soinuak ateratzen joan zen, baita kanten estrukturak ere. Gutxinaka joan zen gorpuzten disko osoan zehar 1990eko hamarkadako kutsu hori. Behin hor geundela, Peio Reparazekin hitz eginda, puntu hori eman genion. Nik uste dut, behin diskoa kaleratuta eta zuzenekoekin hasi garela, Kerobia utzi izan ez bagenu, halako disko bat ateratzera iritsiko ginatekeela.
Zer nolako harrera du diskoak?
Nik beti esaten dut jende askori iristea baino gehiago, iristen zaien pertsonei zer edo zer
eragitea dela kontua, horrelako harreman bat sortzea lanaren inguruan. Uste dut lan honekin sortzen dela zerbait oso interesgarria, oso potentea bi aldeetan: bata, musikaren inguruan, eta bestea, letrei dagokienez.
Errefuxiatuak, Europa… dituzu hizpide. Zergatik?
Azken urteotan edo hamarkadan hainbat gauza daude ez dudana ulertzen nola pasatzen diren, eta adibidez nola den posible Mediterraneoan hainbat eta hainbat lagun itota hiltzea laguntzarik ematen ez zaielako. Eta ez naiz sartuko geopolitikan, baina norabitek laguntza behar badu, eman behar zaio. Edo Siriako errefuxiatuek Lesbosen bizitakoa, eta nola sinesarazi diguten Europako gizon eta emakumeoi, batetik, egoera normala dela eta bestetik, azkena azkenaurrekoaren kontrako gatazka bat dela. Iruditzen zait hamarkada hau Europako hamarkadarik lotsagarrienetarikoa izan dela, eta hala pasako dela historiara. Horregatik Euforia abestia, Siriako errefuxiatuen Maitasuna eta esperantza…
2018an Begibakar atera zenuen, 2019 bukaeran Biba. Urtero lan bat aurkeztuko duzu?
Ez dut uste! Orain zuzenekoen momentua da, ez dakit zenbat luzatuko garen honekin. Disfrutatu behar dugu eta denbora eman publikoari, entzuteko, kontzertuak ikusteko… Orain, momentuz, neguan Euskal Herriko bira daukagu eta gero etorriko dira etorri beharrekoak.