Sormenezko idazkuntza tailerra antolatu du udalak lehen aldiz
Itziar Sistiaga idazle eta aditu irundarrak gidatuko du tailerra eta «idazterako garaian norberak bere mugak eta blokeoak» gainditzea dela helburua adierazi du.
Kote Guevara Hondarribiko liburuzainak, Juan Luis Silanes Kalixa Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, eta Itziar Sistiaga idazle irundarrak sormenezko idazkuntza tailerra aurkeztu dute gaur goizean Zuloaga Etxean. Lehen aldiz antolatu dute tankera honetako tailerra, eta herritarren eskariz egin dutela onartu dute Kalixak eta Guevarak agerraldian. Sistiagak bere aldetik «narratiba irudimenaren eta sormenaren ikuspuntutik lantzea» atsegin duela adierazi du, «idazterako garaian norberak bere mugak eta blokeoak gaindi dezan. Eskolak oso terapeutikoak eta dibertigarriak dira azkenean».
Orain dela sei urte hasi zela tailerrak gidatzen Sisitiaga, eta sormena modu dibertigarrian eta ludikoan jorratzen du. Ibilbide narratibo osoa lantzea da helburua, baina aldez aurretik gaia zehaztu gabe, horrela ezustean harrapatzen ditu ikasleak «blokeorik gabe etor daitezen».
Idazkuntza lantzeko gogoz dagoen orori zuzenduta dago tailerra, esperientzia izan edo ez. «Batzuk adierazteko gaitasuna hobetzea bilatzen dute eta beste batzuk ordea, idazkuntza maila terapeutikoan lantzea dute helburu, hau da, baliabideak bilatzen dituzte barrenean dutena hobeto kontatzeko», zehaztu du Sistiagak.
Hori horrela, otsailaren 18an hasiko dira eskolak abenduaren 15era bitartean luzatuko dira. Hilean bi asteartetan elkartuko dira tailerreko kideak, 18:30etik 20:00ak arte, liburutegian bertan. Uztaila, abuztua eta irailean ez da eskolarik emango. Izena emateko interesa duten lagunek astelehenetik aurrera egin dezakete, hilaren 3tik eta 14ra zehazki, udalaren webgunearen bitartez. Hogei lagunentzako lekua egongo da eta izena eman ahala sartuko dira tailerrean.