Maratoi Erdiak hiria hartuko du, hirugarrenez jarraian
BATek Maratoi Erdia eta 10 kilometroko probak antolatu ditu otsailaren 16rako. Izen emateak jada egin daitezke.

Hirugarren urtez jarraian, Irungo Maratoi Erdia antolatu du Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT). Otsailaren 16an (igandea da) egingo dute, 9:45tatik aurrera. Azken bi edizioetan bezalaxe, maratoi erdiaz gain, 10 kilometroko proba egiteko aukera izango dute korrikalariek. Izen emateak dagoeneko egin daitezke, lotura honetan.
Atzo aurkeztu zuten lasterketa, Palmera Monteron egindako agerraldiarekin. Bertan, taldeko ohorezko presidente Joseba Sarriegi, udaleko kirol ordezkari Borja Olazabal, Nerea Azpiazu babesleen ordezkaria eta NT2ko gerente Carlos Aranburu izan ziren. BATeko zuzendari Ibon Muñozek nabarmendu zuenez, «taldeak antolatutako proba handiena da» maratoi erdia.
Irungo kale esanguratsuenak zeharkatuko dituzte bi lasterketetan, aurreko urteetako ibilbide berbera izango du. Zabaltza plazatik irtengo dira, eta udaletxe aurrean amaitu. Lasterkari guztiek Korrikalariaren Poltsa bana jasoko dute, kamiseta eta jateko produktu ugarirekin.
Sari ugari banatuko dituzte. Maratoi Erdiaren garaileak Leire Sport-en xahutzeko 250 euro jasoko ditu, bigarrenak 125 eta hirugarrenak 75. 10 kilometroko proban berriz, helmugara heltzen den lehenak 125 euro jasoko ditu, bigarrenak 75 eta hirugarrenak 50. Horiez gain, 23 urte azpikoen, 35-49 urte bitartekoen eta 50 urtetik gorakoen kategorietan azkarrenek ere sari bana jasoko dute.
Lasterketa berotzen hasteko, hurrengo igandean (otsailak 9) zirkuitua ezagutzeko saioa egingo dute. Partaide guztiak gonbidatu dituzte.