Itsaskari Baitaren 50. urteurrena ospatzeko egitaraua aurkeztu dute
Apirilera bitartean aurreikusitako ekitaldi bereziez gain, hiru estropada antolatuz osatuko ditu elkarteak ospakizunak.
Hondarribiko Itsaskari Baitak 50. urteurrena beteko du 2020. urtean eta hori ospatzeko helburuarekin zenbait ekitaldi antolatu ditu apirilera bitartean, baita zenbait estropada berezi ere. Lehenik eta behin, bihartik hilaren 16ra elkartearen historiaren errepasoa egiten duen erakusketa ikusgai izango da. Elkartearen artxiboan aurkitutako eta bazkideek utzitako dokumentu, plano eta argazkiekin osatu dute erakusketa. Bihar izango da inaugurazioa (hilak 1).
Hilaren 14ean bestalde, elkartearen historiaren gaineko mahai-ingurua egingo dute, 19:00etan hasita. Azkenik, apirilean, klubaren inguruan osatutako liburua argitaratuko dute.
Estropadei dagokionez, ondokoa da klubak antolatutako egutegia:
-
Espainiako Optimist Kopa: Apirilak 30 – maiatzak 3.
Espainiako federazioak estropada hau Gipuzkoan antolatzen duen lehen aldia dela nabarmendu dute klubeko kideek. Gainera, Optimist modalitatea bela kirolaren oinarria dela goraipatu dute. 150 kirolari, entrenatzaile eta senide bilduko dira Higer Badian. -
Espainiako J80 Kopa: Ekainak 18 – 21.
«Ohore handia da» lehiaketa hau antolatzea klubekoentzat, izan ere, «kopa honen jabe diren kirolariak, gure elkartekoak dira». Gizonek gidatutako Enbata-Garatu belaontzia da lehen sailkatua proba honetan, eta Izki-Decoexa emakumeen boteak ere parte hartuko du lehian. -
Munduko Raceboard Senior Euskadi Gold Cup Txapelketa: Urriak 12-17.
Udako ikastaroen ondotik, Raceboardeko Munduko Senior kategoriako «kirolari onenak» Hondarribian elkartuko eta Itsaskari Baitako windsurf kirolariekin lehiatuko dira.