Irun, urdin eta horiz, Europako garaipenaren 25. urteurrena ospatzeko
Aurten 25 urte beteko dira Bidasoa eskubaloi taldeak Europako Kopa irabazi zuenetik. Urteurrena biribiltzeko, ospakizunez beteko dituzte datozen hilabeteak.
Aurten 25 urte beteko dira Bidasoa eskubaloi taldeak Europako Kopa irabazi zuenetik. Bada, urteurrena biribiltzeko asmoz, Irungo Udala eta hiriko eragile ugarik ospakizunez beteko dituzte datozen hilabeteak. Apirilaren 22ra bitarte luzatuko dute egitaraua (apirilaren 22an irabazi baitzuen Kopa taldeak).
Lehen erabakia hiria urdinez eta horiz apaintzea izan da. Otsailean hiriko kaleak bandera eta kartelez beteko dituzte. Gainera, garai hartako koparen erreprodukzioak salgai jarriko dituzte. Horrekin batera, tote bag poltsa klasikoak ere egingo dituzte, eta turismo bulegoetan eskuragarri jarriko dituzte (5 euroan).
Era berean, hiriko lau leku esanguratsutan erakusketa berezia jarriko dute, azken hamarkadetako ibilbidea irudikatzeko. Uranzu pilotalekua, Kolon pasealekua, Artaleku eta San Juan plazan panel erraldoiak jarriko dituzte, orain dela 25 urteko garaipen hura gogoratzeko.
Hiriko merkatariek ere bat egin dute ospakizunarekin. Hala, erakusleiho lehiaketa eta bokata txapelketa berezia egitea erabaki dute, gai nagusia Bidasoa izango delarik. Eta topa egiteko, garagardo berezia kaleratu du Bidassoa Basque Brewery-k.
Apirilaren 25ena izango da ekitaldi nagusia. Bitartean, Ondare kultur elkartearekin batera eskubaloi taldeak landutako proiektuak argia ikusiko du berehala. Bidasoako jokalari erraldoi bat egiten ari dira, eta datozen asteotan aurkeztuko dute.