'Ikimilikiliklik' sorginik gabeko sorgin istorioa taularatuko du bihar Marie de Jongh konpainiak
Beldurraren inguruko hausnarketa bultzatzea da estreinatu berri den lanaren helburua. Auditorioan egongo da ikusgai bihar, 18:00etan.
Marie de Jongh antzerki konpainiak Ikimilikiliklik ikuskizuna eramango du bihar Itsas Etxea auditoriumeko oholtza gainera (18:00). Beldurraren inguruko hausnarketa bultzatzea bilatzen du Jokin Oregik eta Ana Meabek sortutako antzezlan berriak.
Sinopsiak dioen bezala, sorginik gabeko sorgin istorioa da biharkoa, ausartik gabeko ausartena, magorik gabeko istorio magikoa. Marie de Jongh konpainiaren proiektu honek neska/emakume bat du protagonista, haurtzaroan sorginen beldur zen arren, sorgin bihurtzen dena.
Haur eta familiei zuzenduta dago antzezlana konpainiako kideek gogorarazi dutenez, zazpi urtetik gorako umeentzat zehazki. Sarrerak hiru euroan daude salgai; aldez aurretik Interneten eta Arma Plazan, eta egunean bertan saioa hasi baino bi ordu lehenago leihatilan.