3,6 milioi euro zerbitzu orokorretara eta ia hiru hiri segurtasunera
Lehenak helburu ezberdinak ditu Juan Mari Altuna zinegotziaren arabera, bigarrenaren kasuan bestalde, «%80 Udaltzaingoaren lehen kapitulura doa».
Hondarribiko Udaleko Hiri Segurtasunerako eta Zerbitzu Orokorretako aurrekontuen berri eman zuen atzokoan Juan Mari Altuna departamentuko arduradunak. Azaldutakoaren arabera, lehenak 2.979.000 euro jaso ditu 2020. ekitaldirako, eta bigarrenak bere aldetik, 3.613.342 euro.
Udaltzaingoa izango da Hiri Segurtasunaren onuradun nagusia, «aurrekontuaren %80 horren lehen kapitulura» baitoa. Beste %20 bestalde, gastu orokorretara bideratuko dutela zehaztu zuen Altunak, hala-nola: seinaleztapena, gailu berriak, jantziak… Zinegotziak ohartarazi duenez, uneotan dauden 29 udaltzainez gain, «365 egun lan eginez eta 24 orduko zerbitzua eskainiz», uda garaian kontratatzen diren errefortzurako agenteak eta taozainak kontutan hartu behar dira.
Zerbitzu Orokorrei dagokienez, helburuak oso bestelakoak dira, besteak beste: «Udaleko gardentasuna hobetu gardentasun planean aurrera eginez, herritarren parte hartzea sustatu, udalaren barne antolamendua hobetu, hiritarrari zerbitzu egokiagoak eskaini adibidez BAZ eta Hirigintza departamentuak egokituz, eta e-administrazioa martxan jartzeko lanean aritzea».
Azken agerraldi honekin amaitutzat eman ditu udal gobernu taldeak 2020. urteko aurrekontuen gaineko xehetasunen azalpenak.