Bluesaldian ez sinisteaz gain, jaialdiari «atea zartakoz» itxi izana egotzi dio Carlos Mallesek alkateari
Prozeduran akats bat egon zela dio Blue Visioneko zuzendariak, baina «modu ulertezinean, akatsa zuzendu beharrean, jaialdiaren antolatzaileei pasa zizkieten ondorioak».
Carlos Malles Hondarribiko Blues Jaialdiko (HBJ) eta Blue Vision SL enpresa antolatzaileko zuzendariak Txomin Sagarzazu alkateari leporatu zion atzo publiko egindako ohar batean Bluesaldia bertan behera geratu izana. Areago jo zuen Mallesek adierazpenetan: «Nahiz eta Sagarzazu alkateak publikoki esan eutsi nahi diola [Blues jaialdiari], esan dezaket ez duela horretarako inolako borondaterik: inoiz ez du Bluesaldian sinetsi eta ez du hirirako nahi. Besterik gabe, zartakoz itxi du atea».
Hamazazpi hilabetez gorde du isiltasuna jaialdiaren antolatzaileak. Atzo, ordea, Hondarribiko Udala egin zuen jaialdia bertan behera geratu izanaren errudun. Izan ere, prozedura akats bat medio erabaki zuela tokiko gobernuak irizpide aldaketa zehaztu du Mallesek, baina «modu ulertezinean, akatsa zuzendu beharrean, jaialdiaren antolatzaileei pasa zizkieten ondorioak, hau da, niri».
2018aren bukaeran erabakitako irizpide aldaketa horren arabera, diru laguntzak ez ziren aldez aurretik emango, jaialdia egin eta hilabeteetara baizik, gastu guztiak behar bezala justifikatu ondoren. «Blue Vision ez da korporazio handi bat, tokiko enpresa bat da eta pertsona bakarrekoa baizik, eta ez du gaitasunik dirutza horri aurre egiteko».
Mallesek erabaki honen berri izan orduko, jaialdiaren antolaketarako diru-laguntzen zati handi bat jasota zuela zehaztu du, baina hala eta guztiz ere, hiru faktura gelditu zirela ordaindu gabe: Azpiegiturak, SGAE eta enpresa antolatzailea (Blue Vision SL). Denera, 100.000 euro pasatxo zirela baieztatu du Mallesek.
Hirugarren pertsonei kalteak
Eragindako galera ekonomikoak direla-eta, haren egoera eta bere familiarena «arriskuan» daudela dio Mallesek publiko egindako oharrean. Ordainketei aurre egiteko «etxea hipotekatu eta zorpetu» beharko duela ohartarazi dio udal gobernuari. Prozedura akatsak zuzentzeko hirugarren pertsonak kaltetzen ez dituen metodoa erabili ohi duela gobernu taldeak ere adierazi du, «baina ez da hala izan kasu honetan, alderantziz baizik, amorerik ez baitu eman eta edozein irteera motaren aurka agertu baita».
Hori horrela, 2019. urtean zehar jaialdia berreskuratzeko hainbat proposamen egin dituela ere aitortu du antolatzaileak, «bakar batek ez du aldeko harrerarik izan». Areago, «azken aitzakietako bat izan da 2020rako lehiaketa publikora aterako zela, baina, gaur egun, bost hilabete geratzen direnean ez dago oinarririk onartuta, ezta egiteko proiekturik ere».
Azkenik, jaialdiarekin ametsa bete duela nabarmendu du Mallesek, eta eskualderako eragin ekonomiko positiboa zuela gogorarazi du. «Alkate jakin baten eta bere gobernu taldearen utzikeriagatik, zein eraginkortasun eta interes ezagatik» ez duela jaialdia hiltzea onartuko gaineratu du. Hori guztia dela eta, jaialdia berreskuratzeko «prest» agertu da berriz ere antolatzailea.
Carlos Malles Hondarribiko Blues Jaialdiaren zuzendariaren komunikatua hitzez hitz.