«Berezia izango da berriro kanta horiek abestera oholtzara igotzea»
Sorotan Bele sortu zela 30 urte bete direnean, lehenengo doinuak berreskuratu eta formatu berrian bildu dituzte 'Sorotan Bele gogoan' proiektuarekin. Argi utzi dute, ordea, ez dela taldearen itzulera.
Sorotan Bele gogoan proiektua jarri dute martxan Xabier Zabala musikagileak bultzatuta. 30 urte dira Sorotan Bele musika taldea sortu zutela, eta 26 azken kontzertua eman zutenetik. Formatu berezi batean ekarri nahi dituzte lehen lerrora taldearen lehenengo kantak izan zirenak. Gorka Sarriegi eta Urbil Artola, Sorotan Bele taldeko ahotsa eta gitarrista hurrenez hurren, herrietako musika bandekin batera igoko dira oholtzara beren lehen doinu haiekin. Oraindik moldaketa lanetan ari dira eta maiatza- ekaina aldean kokatu dute lehen emanaldia. Ez dituztela kontzertu asko eskainiko diote, «zerbait esklusiboa izatea nahi dugu».
Proiektu berriarekin «ilusioa» azaldu dute bi musikariek, eta argi utzi dute egitasmoa ez dela inondik inora ere taldearen itzulera, «egin beharreko bidea egin zuen Sorotan Belek, hau oso bestelako zerbait da, puntuala».
Sorotan bele gogoan proiektua abiatu duzue. Zein da asmoa?
Urbil Artola: Xabier Zabala musikari zarauztarra dago proiektuaren atzean, bere ideia izan da hasieratik. Bera, antza, Sorotan Bele zalea zen. Azken urte hauetan musika bandentzat konponketak egiten ditu, eta bazebilkion ideia hori buruan, halako zer edo zer egitea Sorotan Beleren kantuak hartuta, eta ideia luzatu zion lehenik Gorkari, eta gero niri.
Gorka Sarriegi: Biok prest ginen eta aurrera egin genuen.
Artola: Nik buelta batzuk eman nizkion, hasieran ez nuelako argi ikusten. Egun batzuk pentsatu ondoren animatu nintzen bat egitera.
Sarriegi: Niri aurretik eskaini zidaten abestea orkestraren batekin Xabier Zabalak zerikusia zuen beste proiektu batzuetan, txistulari bandekin Sorotan Beleren hiruzpalau kantekin, eta ez da zerbait berria. Bilbon ere aritu naiz txistulari bandarekin. Proiektua hala jaio da, eta kasu honetan herrietako musika bandekin egingo dugu.
Zuek biak arituko zarete proiektu berri honetan; gainontzeko kideak ez dira animatu?
Kontu puntuala izan da proiektua, musika bandek beraien bertsio bat egingo dute. Taldeko besteei planteatu ere ez diegu egin helburua ez delako talde bilketa bat egitea, baizik eta beste formatu batean aritzea.
30 urte dira Sorotan Bele sortu zela eta 26 dira Irungo Amaia Kultur Zentroan azken kontzertua egin zenutenetik. Zer suposatzen du garai hartako abestiekin berriz ere oholtzara igotzeak?
Artola: Nire kasuan ez ditut geroztik kantuak etxean abestu ere egin, entzun tarteka irratian- eta bai, baina ez dut ezer egin eta oso atzera begiratzea izan da, errekuperatze bat, nolabait ere. Oso berezia da erabat ahaztuta ez, baina oso atzean duzun zer edo zer errekuperatzea, oroitzapenak etortzen dira. Ez dakit nola deskribatu hori, baina berezia izango da berriro kanta horiek abestera oholtzara igotzea.
Sarriegi: Nik zer edo zer egin badut ere, proiektu berriaren errepertorioan izango diren kantu asko eta asko ez ditut ukitu ere egin azken 24 urtean.
Artola: Zabalak berak esaten du Sorotan Bele utzi eta berehala ez zela hainbeste entzuten, lehenengo urteetan gehiegi entzuten zelako beharbada; gero egon dira irratsaioetan eta telebistan, eta kantuak errekuperatu egin dira, iritsi dira orduan jaio ere ez ziren gazteengana. Proiektua lagin bat izango da, eta agian kantuak errekuperatzeko modu bat izan daiteke.
Proiektuaren formatua berezia izango da. Nola irudikatzen duzue?
Artola: Gure ekarpena Gorkaren ahotsa eta nire gitarra eta koruak izango dira. Musika banda erraz irudikatzen dugu, han-hemenka ikusten ditugulako. Baina egia da kostatzen zaidala irudikatzea halako errepertorio folk-pop-rock batekin. Oraindik ez dugu entsegurik egin, Xabi konponketak egiten ari da, eta forma ematen diogunean ikusiko dugu. Bandaz aparte bateria eta baxu jotzailea izango dira, baita gitarra elektrikoa ere; bi gauzen arteko nahasketa izango da, beraz.
Musika bandak aipatuta, Hondarribikoak 200 urte bete zituen iaz. Gustatuko litzaizueke haiekin eta etxean emanaldia egitea?
Artola: Ari gara harremanetan, lehenengo kontaktuak-eta egiten emanaldia egiteko.
Sarriegi: Niri ilusioa egingo lidake. Berezia litzateke.
Proiekturako kantak aukeratuta izango dituzue. Aurreratzerik bai zeintzuk izango diren?
Sarriegi: Sorotan Beleren lehendabiziko diskoko kantetan oinarrituta egongo da errepertorioa.
Arratsalde honetan, Zortzi orduko ekaitza, edota Marinelaren zain kantak izugarri ezagunak egin ziren. Nola oroitzen duzue 30 urte geroago atzera begira garai hura?
Sarriegi: Egia da berehala lortu genuela arrakasta, ez genuen espero inondik ere. Hasieran apur bat galduta ginen, ez genekien non sartzen ari ginen, perspektibarik gabe. Jo nahi genuen, baina handiegia iruditu zitzaigun dena. Distantziarekin, taldea bera, eta gure kantak mitifikatu egin direla uste dut. Izan genuen gure arrakasta, baina jendeak zer esaten didan entzunda ez dakit hainbesterainokoa izan ote zen.
Artola: Erantzuna, dudarik gabe, handia izan zen. Esperientziak herri txiki askotara iristeko aukera eman zigun, geografia ezagutzeko, gu oso gazteak ginelako, 18 urte genituen. Furgonetan sartu eta errepidean ibiltzen ginen sekula entzun gabeko herrietan; Euskal Herria txikia da, baina herri txiki asko ditu, eta horietara heltzeko aukera polita izan zen.
Zuen kantak entzuten dira oraindik irratsaioetan eta. Zer eragiten dizue horrek?
Sarriegi: Harridura batez ere, baina baita harrotasuna ere, sentimendu nahasiak dira, azken batean. Halako proiektu batean parte hartu izanak harrotasun apur bat ematen dit.
Artola: Sorotan Bele iritsi zen lekura iristeko faktore asko daude. Batzuetan pentsatu izan dut, urtebete geroago sortu izan bagina, agian ez genukeela erantzun bera jasoko. Nire ustez badira ihes egiten diguten faktoreak. Zortea, unean asmatzea, faktore ugari izango dira arrakastaren atzean.
Sarriegi: Elkartzen hasi ginen ez horrelako zerbait gertatuko zenik uste genuelako, jotzea gustatzen zitzaigulako baizik; musika gustatzen zitzaigun, elkarrekin aritu nahi genuen, abesti propioak sortzen hasi ginen ondoren, eta maketa eginda arrakasta izugarria izan genuen. Horrek bultzatu gintuen espero ez genuen moduan.
Sorotan Bele gogoan izan daiteke Sorotan Beleren itzulera?
Sarriegi: Ez. Hori garbi utzi nahi dugu, hau ez da Sorotan Beleren itzulera. Lehen esan dugun bezala, musika bandek egingo dituzte gure abesti batzuen bertsioak eta guk beraiekin abestuko ditugu, baina ez da Sorotan Beleren itzulera; argi utzi nahi dugu hori.
Artola: Ez dut azken urteetan inoiz planteatu Sorotan Bele berriro elkartzea, oso zaila, ia ezinezkoa delako, eta ez diot gainera zentzurik ikusten. 18 urte genituela egin genuen kontu bat izan da, bere bidea egin zuen eta horretan gelditu da.
Kontzerturik lotuta badaukazue dagoeneko?
Artola: Horretan ari gara. Lehenengoa izango da maiatza bukaeran. ekaina hasieran. Momentuz mugarik ez dago finkatuta.
Sarriegi: Ez da kontzertu gehiegirik egin nahi, ez da erre nahi formatu hau. Ez dakigu zazpi edo 11 kontzertu aterako ote diren, baina ez ditugu egin nahi hogeitik gora; zaindu egin nahi da, zerbait esklusiboa egin, eta horretara goaz.
Zergatik joan behar dute ikusleek kontzertu horietara?
Artola: Gogoa edota kuriositate pixka bat baldin badute Sorotan Beleren lehenengo kantuak berriz ere entzuteko aukera polita izango delako; beste formatu batean arituko gara, baina zuzenean, eta aitzakia polita izan daiteke.