'Bullying' kasuak artatzeko sostengu sarea eta protokoloa sortzeko eskatu du PSEk
Azken bi ikasturteetan gertatutako bi kasuren berri eman du sozialisten udal taldeak, eta egoera ikusita udalaren esku hartzea ezinbestekoa dela iritzi dio.
Hondarribiko PSE-EEren Udal Taldeak eskola jazarpen kasuak artatzeko sostengu sarea eta protokoloa sortzeko galdegin dio gaurkoan tokiko gobernuari. Izan ere, iaz ikastetxez aldatzera bere burua behartua ikusi zuen adin txikiko baten kasuaz gain, ikasturte honetan egoera berean dagoen beste ikasle baten berri eman du sozialisten taldeak. «Egoera konpontzeko helduen gaitasun falta ikusita (irakasleak, adituak, jazarleen gurasoak), biktimak ikastetxea uztera derrigortua ikusten du bere burua», gaineratu dute.
Egoera honek «babesgabe» uzten ditu jazarpena pairatzen duten haurrak eta horien familiak. Hori dela eta, Hezkuntza eta Prebentzio Komunitarioa departamentuaren bitartez laguntza emateko eta egoera deitoragarri hauek ez gertatzeko baliabideak martxan jartzea eskatu du alderdi sozialistak.