Sare sozialen bitartez «disko irekia» egiteko proiektua abiatu du Xabi Strubellek
Sortze prozesuan herritarrei parte hartzeko deia helarazi die musikariak lan berria «denon artean» osatzeko helburuarekin.
Musikarekin lotutako esperientzia berri bat ezagutu nahi du Xabi Strubell musikariak eta sare sozialen bidez «disko irekia» osatzea proposatu die herritarrei, «denon artean» sortua, hain zuzen. Sare sozialen bitartez eman du egitasmoaren berri Strubellek, eta haren izen bereko Youtubeko kanalean zabaldu ditu Egun on Euskal Herria izenpeko musika proiektu honen inguruko bideoak. Sortze prozesuaren nondik norakoak eta konposizioan egindako aurrera urratsak erakusten ditu bertan musikagileak.
Azaldutakoaren arabera, «etxean egindako diskoa» izango da non hip-hop, reggae, breakbeat edota dub doinuak nahastuko dituen. Areago, herritarrek helarazitako proposamenak –esaldiak, hitzak, doinuak…– abestietan txertatuko ditu musikariak.