Greba orokorrerako deia egin dute Bidasoan ere bai
Greba orokorra egiteko deia egin du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ostegunerako. Larunbatean, gaiari lotutako mobilizazioa egin zuten.
Larunbat eguerdian Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ostegunerako deitu duen greba deialdiarekin bat egin zuten Bidasoko hainbat herritarrek. Irun eta Hondarribi artean, Mendeluko biribilgunean, mobilizazioa egin zuten pentsio, lan eta bizitza duinak aldarri dituen mobilizazio egunarekin bat egiteko. Behekoak, bertako hainbat irudi eta bideoa.
Aldi berean, badira dagoeneko Bidasoan egunari lotutako hainbat deialdi. Honakoak dira:
- Hilak 28, asteartea. Pentsio duinak, hemen erabaki izenburupeko bi zutabeko martxa egingo dute. Zutabe bat Hendaiako Herriko Etxetik abiatuko da 11:00etan, eta bestea Irungo Gizarte Segurantzako bulegotik, 11:00etan ere bai. Biak Santiago zubian elkartuko dira.
- Hilaren 30, osteguna (greba orokorraren eguna). Ondoko egitaraua antolatu dute Irunen: 07:15ean, pikete informatiboak Gabiriako poligonoan; 09:00etan, San Juan plazan elkartzeko deialdia; 10:45ean, Gabiriako poligonotik Donostiara auto karabana; 12:30eran, Donostian herrialdeko manifestazioa; 17:30ean, Bidasoko mobilizazioa, Mendeluko biribilgunetik San Juan plazara.