Abotsanitzek ez du adostasunik lortu Aitor Elorza Montaiko zuzendariarekin
Udal taldeko hautetsiek euren adierazpenak berretsi dituzte gaur goizean egindako adiskidetze ekitaldian. «Irainak» eta «kalumniak» egotzita aurrera doa alderdiaren aurkako auzia.
Abotsanitzen Udal Taldeko ordezkariak Hondarribiko Bake Epaitegian bildu dira gaur goizean Aitor Elorza Montai enpresa taldeko arduradunaren abokatuarekin finkatutako adiskidetze ekitaldian. «Irainak» eta «kalumniak» leporatuta deitu dituzte azken bi agintaldietako ordezkariak epaitegira. Igor Enparan bozeramaileak ostegunean iragarri bezala, adierazpenak berretsi dituzte hautetsiek. Adostasunik gabe prozedurarekin aurrera egingo du Elorzak.
«Ez dugu adostasunerako asmorik topatu», azaldu du Enparanek. Saiakera bat egin dutela ere zehaztu du, «Hondarribiko Udalbatzako kideak gara, udal ordezkariak herritarrek hala hautatu gaituztelako, eta gure lan politikoa eginez irregulartasunak ikusi ditugunean horiek udalean bideratzen saiatu gara lehenengo, eta gero bai publiko egin ditugula».
Arduraz jokatu dutela iritzi dio bozeramaileak, eta kontrol lana egiten jarraituko dutela berretsi du. Are gehiago, beste urrats bat egingo dutela ohartarazi du: «Irregulartasunak izan direla ikusita, eta Aitor Elorza jaunak eta Montai taldearen enpresek horiek onartu dituztela, gure hurrengo lanketa izango da jakitea irregulartasun horietatik eratorritako lanek herriarentzat gainkosturik eragin ahal izan duten»
Azkenik, Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateari zuzendu zaio bozeramailea udal taldearentzako «aholkularitza juridikoa» galdeginez.