Larrialdietarako bost etxebizitza dituela «gezurra dela» erantzun dio gobernu taldeak Abotsanitzi
Gaixo dagoen eta %48ko elbarritasuna duen emakumearen kasuan Abotsanitzek esandakoak «publikoki zuzentzera behartuak» daudela adierazi du EAJren tokiko gobernuak.
Gaixo dagoen eta %48ko elbarritasuna duen Alde Zaharreko emakume baten egoeraren berri eman zuen Abotsanitz herri batzarrak asteartean, eta bertan esandakoak «zuzentzera behartuta» dagoela erantzun dio Hondarribiko Gobernu Taldeak gaurkoan. «Lehenik, gezurra da udalak “larrialdietarako bost etxebizitza dituela eta lau hutsik daudela”», adierazi du udal gobernuak. Haren arabera, udalak larrialdietarako bi etxebizitza dauzka, «beharra duten pertsonentzat prest», eta beste bi etxebizitza eskuratu dituela gaineratu du, baina «babestutako etxebizitza» izatera bideratuko dituela zehaztu du, «gizarte zerbitzuen beharretarako».
2008ko legea ere hizpide izan du gobernu taldeak, eta «zaharkituta» dagoela partekatzen duela-eta «udalak urteak daramatza gizarte zerbitzuen beharretara egokitzen (2015ean indarrean jarri zena)». Zentzu horretan, Gizarte Zerbitzuen arloko aurrekontua Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa garatzeko bideratzen dela dio udal gobernuak «saila berrantolatu eta egokitzeko asmoarekin hiritarrei zerbitzurik onena eskaintzeko».
Harrera etxe baten helburua da, oharrean zehazten denez, aterperik gabe geratu diren eta berehala laguntza behar duten pertsonei edo familiei babesa ematea. Hortaz, sarbide irizpidea honakoa litzateke: «Ezbehar baten ondorioz (sutea, uholdea) denboraldi baterako etxerik gabe geratu diren eta behin-behinean babes behar horri erantzuteko familia-azpiegiturarik ez duten familiak. Etxebizitza hauetan egonaldia denbora laburrera mugatua izango da, larrialdiari aurre egiteko». Beraz, legeak ez diola «hiritar honen beharrei erantzuten» ondorioztatzen dute gobernukideek oharrean.
Azkenik, gobernu taldeak «kezka» adierazi nahi izan du herritar honek bizi duen egoerarengatik, eta haren «beharrei erantzuna» bilatzen jarraituko dutela gaineratu dute. Halaber, Gizarte Zerbitzuetako langileei «babesa eta sostengua» erakutsi die tokiko gobernuak.