Etorkizuna eraikitzeko aliantza
U-30eko greba orokorrerako astebete falta denean motorrak berotzen ari dira herri guztietan. Lan, pentsio eta bizitza duinen alde egiteko nahikoa arrazoi daudela uste dute deitzaileek.
Lan, pentsio eta bizitza duin baten aldeko aldarria egingo dute U-30eko greba orokorrean. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, aterki horren azpian sektore eta belaunaldi ezberdinek amarauna sortu dute elkarrekin lan baldintza duin batzuk —prekarietaterik eta soldata arrakalarik gabekoak—, duin bizitzeko nahikoak izango diren pentsioak, eta finean, duin bizitzeko baldintzak aldarrikatzeko.
Grebarekin bat egingo dute Odei Mujika Oiartzungo Feministen Asanbladako kideak, Olaia Matxain gazte mugimenduko kideak, Joxe Mari Uria pentsiodunak, Kristina Gete LAB sindikatuko kideak eta Ainhoa Arretxe ELA sindikatuko kideak. Greba zergatik babestuko duten, zer dagoen jokoan galdetuta, urrats berriak egiteko garaia dela esan du Getek, «bizitzaren prekarizazioak ez du etenik, langileen kontrako erasoak etengabeak dira, emergentzia klimatikoa errealitate bat da, eta mugimendu feministak azaleratu duen zaintza krisia ere hor dugu». Ez dela ohiko greba dio, ofentsiban egingo duten greba baizik, eta herritar orok kalera atera behar duela, «borroka ezberdinen konfluentzia bat dago, feministena, pentsiodunena, gazteena prekarietatearen aurka. Pentsiodunen borroka ez da soilik eurena, guztiona da».
Azken ideia horren bidetik hartu du hitza Uriak. Argi dio pentsioena ez dela soilik euren kontua, «herritar guztioi eragiten digu, lan bizitza eta erretiroa estu lotuta daude, soldatak eta pentsioak dauden moduan. Belaunaldi arteko kontua da; izan ere, lan baldintzak txarrak baldin badira, prekarioa bada lana, pentsioetan eragina izango du horrek epe ertainera». Kezka areagotzeko arrazoiak ikusi zituen jubilatu eta pentsiodunen mugimenduak pasa den udaberrian, Uriak azaldu duenez: «Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernua, enpresari eta banketxeen politika neoliberalekin 2030. urterako pentsioak %35 eta %40 artean jaistea aurreikusi dute. Hori adituek diote; jauzia egin beharra zegoen».
Zaurgarrienak
Gazteak prekarietatearekin lotu ditu Matxainek. Hori da datorren ostegunean gazteek grebarekin bat egiteko arrazoietako bat, baina ez bakarra: «Finean bat egin dugu aldarrikapen guztiekin». Gazteena, emakumeena bezala, sektore zaurgarria dela ekarri du gogora, «egoerak horretan jarraitzen badu lehenak izango gara gure aurreko belaunaldiak, gurasoak eta aiton-amonak, baino okerrago biziko garenak». Sistema iraultzea ezinbestekoa ikusten duelako uste du beharrezkoa dela greba, «jendarte justuago bat eraikitzeko. Ofentsibara doan greba bat da, gehiengo soziala batu duena; konfluentzia hori beharrezkoa da Euskal Herria artikulatzen joateko».
Emakumeek kapitalaren mesedetara eraikitako sistemaren zapalkuntza bereziki nozitzen dutela salatu du Mujikak, eta horren adibide batzuk eman ditu: soldata eta pentsio arrakala, feminizatutako lanen gutxiespena —etxeko edo zaintza lanak kasu— edota kontratazioan gertatzen den diskriminazioa: «Martxoaren 8an argi utzi genuen arrazoi dezentekoak ditugula grebara jotzeko». Esandako guztiarekin ados azaldu da Arretxe, eta harentzat klabea den faktore bat gehitu du, «eredu soziala da kolokan jarri nahi duguna, berri bat eraikitzeko; gehiengo sozialaren mesederako politikak behar dira».
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Hego Euskal Herrian deitu duen grebaren harira gai izan dira sektore eta belaunaldi ezberdinetako eragileak batu eta konplizitateak josten hasteko. Horren garrantziaz ere mintzatu dira bostak, grebari begira zein aurrera begira, aliantza horiek mantentzea «ezinbestekoa» dela uste dutelako. Greba bera eredu aldaketa dela dio Matxainek, eta Martxoaren 8ari egin dio erreferentzia, «antolaketan urratsa bat aurrera egin dute, eta greba eredu tradizionalean ari ginen jende bat ere gai izan gara beste greba eredu bat antolatzeko. Uste dut horrek marko mental batzuk apurtzeko balio izan duela».
«Denok dugu zer ikasi besteengandik, eta jarrera hori izan behar dugu», ezinbestekoa da hori Uriarentzat. Pentsioena gizarte osoaren arazoa dela esan du berriz ere, «eta egin behar dugun bide horretan asko dugu ikasteko denok. Interesgarria da, beraz, mugimendu eta sektore ezberdinen interes aniztasuna, horrek berak aberastu egiten duelako». Eredu horrekin ados ez dauden sektore ezberdinetako jendea batzeari garrantzitsua iritzi dio Getek, «helburu eta aldarrikapen komunak ditugu eta gai izan gara bat egiteko; aktibazio sozialik gabe ezinezkoa litzateke hori». Eredu aldaketa baten bila doazela gehitu du Mujikak, «bide horretan ezinbestekoak dira konplizitateak. Sektore bakoitzak bere ikuspegia txertatuko du, eta askotan ihes egiten diguten gauzez jabetzea ekarriko du horrek; talkak izango dira, baina horiek gainditzea da bidea egitea». Azken batean, kolektibo ezberdinen aldarrikapenak norberarenak egitea ahalbidetu du prozesuak Arretxerentzat, «nire egin dut pentsiodunen aldarrikapena, ekologistena, nireak sentitzen ditut besteenak».
334.000 lagun bazterketan
EH Bilduk eta Hondarribiko Abotsanitzek ez beste alderdi guztiek, eta CCOO eta UGT sindikatuek ere gogor egin dute U-30eko grebaren kontra. Politikoa eta lekuz kanpokoa dela esan dute. Errealitatea tematia da, ordea, eta bere gordintasun osoarekin azaltzen da. Urteko lehen hilabetea amaitu gabe dagoenean, zortzi langile hil dira lan istripuetan, hiru eguneko bat. Gordina bezain kezkagarria.
Iazko azaroan, Caritasen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako FOESSA txosten soziologikoaren arabera, 334.000 biztanle bazterketan bizi dira, eta 90.000 herritarrek bizi dute bazterketarik latzena; azken horiek, egunerokoan bizirautea dute helburu bakarra. Lanean ari den Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileen %11,4 bazterketa egoeran dagoela jasota du txosten berak. Hego Euskal Herrira ekarrita, 522.000 dira pobrezia mugatik behera bizi diren herritarrak, eta azken hamar urteetan %65 igo da muturreko pobrezian diren langileen kopurua. Pobreziaren mugatik behera bizi diren pertsonen erdia baino gehiago, 10etik 6, emakumeak dira.
Horiek muturreko egoerak, baina ez dira nolanahikoak ere Getek nabarmendu dituen beste datu hauek ere, ofizialak: Hego Euskal Herrian 113.400 pertsona dira langabezian, eta gazteen artean langabezia tasa %23koa da. Behin-behinekotasunak gora egin du gainera, eta soldatapeko lautik bat ebentuala da; langileen %17k ez du lanaldi osorik eta lanaldi partzialen %80 emakumeek egiten dituzte.
Pentsioetan ere arrakala
2008 eta 2017 urteen artean soldaten balioa murriztu egin da, eta egoera are okerragoa da emakumeen kasuan. Hego Euskal Herrian emakumeek gizonek baino %24 gutxiago irabazten dute urtean; arrakala, 7.510 eurokoa da. Hori gutxi balitz, zaintza lanek banatu gabe jarraitzen dute, pribatizatuta, feminizatuta eta ezkutuan.
Pentsioen gaineko datu orokorrak ere eman ditu LABeko ordezkariak. Hego Euskal Herrian lau herritarretik bat pentsioduna da eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan batez besteko pentsioa 1.173 eurokoa da; aberastasunaren banaketari dagokionean, bertan sortzen diren 100etik 11 baino ez dira bideratzen pentsioetara. Emakumeen egoera, berriz ere, zaurgarriena da gai honetan ere: pentsioak gizonenak baino %40,6 baxuagoak izaten dira, eta emakume pentsiodun gehienek 600 eta 700 euro artean kobratzen dute; alarguntasun pentsioen %93,4 emakumeek kobratzen dute eta %6,6 gizonek. Pentsio baxuenak 700 eta 950 euro artekoak direla esan du Uriak, «tarte horretan mugitzen da pentsioen %60a». Enpresariak eta gobernuak pentsio ertainez mintzo direnean, hori engainagarria dela dio, «ez da erreala, pentsioa 700 eta 1.000 euroen artean dago, eta emakumeak baxuenetan daude, 700 eta 850 euro artean gehienak».
Datu horiek guztiak mahai gainean, greba kritikatu dutenei erantzun die Getek, «borrokak desprestigiatzen saiatzeko kanpainak beti izan dira, eta hau beste bat da. Kritika horiek berrindartu egin behar gaituzte. Nork esan dezake ez dagoela ados egiten ditugun aldarrikapenekin? Inork ere ez».
Osteguneko grebak emango duenaren gainean ere mintzatu dira, «nahi duguna gauza bat da eta bestea errealitatea, argi dagoena da hemen gauden guztiak borrokatuko garela arrakastatsua izan dadin gure bi eskualdeetako herrietan, jende guztia kalera ateratzea lortu behar dugu». Matxainek «greba zaila» dela dio, ez diolako eskaera zehatz bati erantzuten, «Espainiako Estatuan ustezko gobernu progresista bat izateak agian ere zaildu dezake. Nik uste dut grebak eredu bat jarriko duela mahai gainean, eta kontua da herri guztietan martxan gaudela, greba batzordeak sortu direla herri gehientsuenetan eta aspaldi da herri mugimendua zabaltasun horretan lanean aritzen ez zela». Ilusioa aipatu du, «ilusioa dago kalean eta transmititzen ari gara». Emaitza garrantzitsua izango da, beraz, baina garrantzi handia ematen ari dira bideari ere, jositako konplizitateei.
Lanean jarraitzeko deia
Grebaren ondoren orain arte egindako lanketa aprobetxatu behar dela dio Mujikak, «sektore ezberdinen artean eraiki diren aliantzak aprobetxatuta sozializatzen eta bakoitza bere esparruan harremanak eraikitzen jarraitzeko. Greba orokor honek sortuko duen olatua ikusiko da zenbatekoa izango den, baliatu behar dugu lanean jarraitzeko».
Gazte eragile eta ikasle mugimenduan grebaren harira lanketa berezia egin dutela aipatu du Matxainek, «gazteen aldarrikapen zehatzak sortu ditugu. Gazte eremu eta sektore ezberdinetan aliantzak sortzea zen helburuetako bat, fokua horretan jarri nahi izan dugu, eta greba hau, nolabait, baldintzak sortzeko greba izatea nahi dugu».
Grebaren ostean, pentsiodunek borrokan jarraituko dutela esan du Uriak, kalean izango direla orain arte bezala, «datorren arazoaren berri eman behar diegu pentsiodunei, baina baita erretiratzeko adinetik hurbil daudenei ere. Finean, aktibista sozialak izan behar dugu denok, ondokoei, gurasoei, seme-alabei, lagunei kontatu behar diegu datorrena, horiengana guztienagana heldu behar dugu eta guztiak aktibatu lanean hasteko eraso neoliberalari aurre egiteko. Ez dugu atsedenerako tarterik».
Aldarrikapen eredu berri baten sorrera da greba, «irteteko pistola tiroa», eta egun horretatik aurrera elkarlan horri forma eman eta aurrera egiteko garaia zabalduko da Arretxerentzat. Mujikak U-30ekoa zaintza greba gisa aldarrikatu du, «ondorengo borrokan zaintza lan horiek ikustarazteko, duintzeko eta bermatzeko ezinbestekoa da». Ezin aurreikusi daiteke grebak izango duen oihartzuna, baina astebete eskas falta denean Hego Euskal Herriko 1.200 enpresak baino gehiagok eman diote atxikimendua, eta 170 greba batzorde baino gehiago sortu dira: Hondarribian ez beste, Oarso Bidasoko gainontzeko bost herrietan abiatu dituzte.
Ez dute lan erraza, zumeak, baina, egokiak dituzte: ilusioa eta sendo josten hasi diren ezberdinen arteko aliantzak. Elkar elikatu eta zaintzea da gakoa.