Irati Beorlegi: «Haur bat bezala sentitzen naiz oztopo lasterketetan, parkean bezala»
Urte eta erdi eskaseko ibilbidean oztopo lasterketetan Espainiako Estatuko onena izatea lortu du irundarrak. 2018an EITBko ‘El Conquis’ saioan hartu zuen parte, eta ordutik, oztopoak gainditzen aritu da, hemendik hara, etengabe.
Hiru garaipen garrantzitsurekin amaitu duzu 2019a. Urte biribila izan da?
Egia esan, bai. Oso pozik nago lortutako guztiarekin. Espainia osotik lehiatzen aritu nintzen 2019an. Espainiako oztopo lasterketako txapeldun izan naiz. Gainera, Espainiako Estatuko 15 eta 5 kilometroko txapelketak ere irabazi ditut. 2018an hasi nintzen kirol honetan, beraz, oso gutxi daramat. Aurretik gimnastika erritmikoa egiten nuen, eta bizpahiru lasterketa probatu ostean asko gustatu zitzaidan.
Aldaketa handia tapiza lokatzarengatik aldatzea, ezta?
Bai [barrez]. Gimnastika erritmikotik bereziki oreka hartu dut. Oreka beharrezkoa da oztopo lasterketetan. Gimnastika erritmikoan nahiko basatia izan naiz beti, eta egia esan, makillajea eta fintasuna ez ditut gehiegi gustuko. Gustatzen zitzaidan, betidanik gustuko izan dudalako dantzatzea, orduan, pena eman dit gimnastika uztea. Baina beti gustatu izan zait gehiago saltseatzea eta abenturak egitea.
‘El Conquis’-en abentura horrek lagundu zintuen pausu hori ematera, ezta?
Zalantzarik gabe, hari esker sartu nintzen kirol honetan.Ez nuen ezagutzen kirola, eta El Conquis-era joateko Hernaniko Denontzat taldean entrenatzen hasi nintzen, orduan ikusi nuen oztopo lasterketak zer ziren, eta asko erakarri ninduen. El Conquis-era joan nintzen abentura eta probak gustuko ditudalako, eta egia esan, kamerak ez zitzaizkidan asko gustatu. Halere, erakartzen ninduten gauza asko dituzte oztopo lasterketek, kamerarik gabe kasu honetan. Orduan erabaki nuen oztopo lasterketak egitea, eta hortik hasi zen dena. Orduan esan nuen, ‘hau da benetan gustatzen zaidana’. Gimnastika utzi eta honetan hasi nintzen buru-belarri.
Esperientzia polita izan zen ‘ El Conquis’-en bizitutakoa?
Nire bizitzako esperientziarik garrantzitsuena dela esango nuke, oso esanguratsua. Asko gustatzen zaizkit probak eta lehia, baina ez da telebistan ikusten dugun bezala. Oso zaila da.
Beraz, telebistan dirudien bezain gogorra da esperientzia?
Bai, zalantzarik gabe. Asko prestatu behar zara jan gabe fisikoa mantentzeko. Mentalki ere zaila da, lehiakideekin egunerokoan bizi behar duzulako, eta beti bilatzen dituzte liskarra sor dezaketen partaideak. Pixka bat baketsua izan behar zara, ongi irentsi dena, eta batez ere burua hotz eduki. Julianekin [Iantzi] ere jakin behar duzu nola eraman, oso kañeroa da, hori guztia kudeatzea zaila da. Mentalki ez bazaude ongi gorputzak ere ez du erantzungo. Esperientzia sekulakoa izan zen, nik denei gomendatuko nieke.
Oraindik oztopo lasterketa ez da kirol ezaguna Euskal Herrian. Zertan datza, zehazki?
Egia da ez dela batere ezaguna. Oraindik kirolak ez du federaziorik, ez dago kirol bezala katalogatua. Hemendik kanpo berriz, bai. Funtsean, trail baten antzeko lasterketa bat da, baina oztopoekin. Menditik edota lur irregular batetik egiten dugu korrika eta oztopo ezberdin asko daude bidetik, denetik dago. Lokatzetan sartzen gara trintxeretan, hesien azpitik pasatu behar dugu, altuerako pareta handiak gainditu, pisu handia eraman, zintzilikatzeko gailuak gainditu… Esan beharra dago gero eta zailagoak jartzen ari direla oztopoak. Trail baten, Ninja Warriors telebista saioaren eta eskaladaren arteko nahasketa moduko bat da. Zonalde bakoitzean egiten duten lasterketek berezko izena dute. Gero, bi oztopo lasterketa nagusi daude: Spartan Race eta Farinato Race. Gainera, Espainiako OCR Liga dugu, eta bertan estatu osotik egindako lasterketa asko sartzen dira. Spartan-ak gehiago zentratzen dira trail eta pisuko oztopoetan, eta Farinato-n, aldiz, oztopoak errazagoak dira. Dena ez da lehia. Herri lasterketak ere badaude, eta ongi pasatzera joaten gara horietara.
Zurekin lehiatzerakoan, zeren beldur dira lehiakideak?
Egia esan, ez dakit [barrez]. Esango nuke hasieratik hona asko hobetu dudala korrika egiten, beraiek baino azkarrago egiten dut korrika egun, lasterketaren arabera noski. Karga handiak eramatea ere ondo daramat, eta zintzilikako oztopoetan ere asko hobetu dut. Bereziki nabarmenduko nuke asko hobetu dudala denbora gutxian.Oso pozik nago ematen ari naizen mailarekin.
«Trail baten, ‘Ninja Warriors’-en eta eskaladaren arteko nahasketa bat da»
Maila honetan lehiatzeko, asko entrenatu beharko zara, ezta?
Bai, asko. Hasteko, ni kirol monitore naizenez, klaseak ematen ditut egunero, alde aerobiko hori badut hortik. Baina oraindik ikasten ari naiz, goizetan unibertsitatea dut eta arratsaldetan lana. Denbora oso gutxi izaten dut, baina beti ateratzen dut nonbaitetik. Betidanik oso mugitua izan naiz, ezin naiz geldirik egon. Ahal dudan guztietan saiatzen naiz astean hirutan behintzat korrika egiten. Egun bat lasterketa luzea egiteko, bestea serieak egiteko, eta azkena mendian gora ibiltzeko. Gero, egun bat hartzen dut gimnasioan lan egiteko, indarra hartzeko batez ere. Horrez gain, zintzilikatzeko ariketak egiteko beste egun bat hartzen dut gimnasioan, gerritik gorakoa lantzeko bereziki.
Beraz, zure egunerokoaren zati handiena hartzen du kirolak.
Bai, hala da. Ez dakit asko den edo ez, baina nik gehiago entrenatu nahiko nuke. Behin lasterketak bukatuta izango dut denbora, oraindik badut bidea aurretik. Nire lehiakide onenak 30 urtetik gorakoak dira. Hortaz, oraindik baditut urteak aurretik.
Honetan hasi zinenean, soilik urte eta erdi eskasean honaino iritsiko zinela uste zenuen?
Ez, ez, ez nuen espero honaino helduko nintzela, ezta gutxiago ere. Ez nuen espero hainbeste garaipen edukitzea nire eskuetan. Amets moduko bat izaten ari da.
Honaino heltzeko, lasterketez gain, bidean oztoporik aurkitu duzu?
Egia esan, bai. Azken urte hau oso polita izan da, baina izan ditut oztopo ugari gainditzeko. Ondo etorri zaizkit oztopo lasterketak horrelako oztopoak gainditzeko. Honetarako oso lagungarria da kirol hau. Zaila den arren, lasterketa gainditzeko gai garen bezala, eguneroko arazoei ere berdin egin diezaiekegu aurre.
Oztopo lasterkari gisa, zein da duzun ametsik gorena?
Nire ametsa Europa eta munduko txapelketetan zerbait ongi egitea da, garaipen bat eskuratzea. Ezinezkoa ez da ezer, baina oso-oso zaila da eta asko entrenatu behar da. Orduan, asko entrenatuz gero, agian lor daiteke. Baina amets bat da.
Kirol hau Olinpiar Jokoetan ikusiko da noizbait?
Berez ez dago kirol bezala onartua, beraz, zaila du Olinpiar Jokoetan sartzea. Noizbait sartzen bada hor egotea izango litzateke nire ametsa, zalantzarik gabe. Baina hori bai ikusten dudala nahiko ezinezko [barrez].
Bitarte horretan, 2020rako, zein da erronka nagusia?
Aurreko urtean oztopo lasterketa asko egin ditut, ia astebururo joan naiz kanpora. Ikusi dut nola funtzionatzen duten. Liga barruan lehenengo postuan sailkatu naiz, eta ez didate dirurik eman. Diru asko gastatu dut lasterketa guztietara joateko. Orduan, aurten gauzak buruarekin egin nahi ditut. Ez dut dirua irabazteko egiten, baina inbertsio handia da niretzat. Gustatzen zaizkidan lasterketak egingo ditut. Babesleak lortu ditut, eta horrek asko laguntzen du. Hasteko, datorren erronka otsailean izango dut, Oviedon jokatuko dudan Farinato Race lasterketan.
«Nire ametsa Europa eta mundukoetan garaipen bat eskuratzea da»
Beraz, berriz ere motorrak berotzen ariko zara, ezta?
Bai, baina zorionez deskantsatzeko tartea izan dut [barrez]. Kontua da denboraldia amaitzerakoan lesio bai izan nuela eta orain arte ez naiz fisiora joan. Fisioak dio lesio nahiko larria dela. Abendu osoa atseden hartzen egon naiz, ez dut ia ezer egin, eta urte bukaeran korrika egiten hasi nintzen. Urtarrilean berriz ere egurra ematen hasi naiz. Denborarekin lesioa errekuperatuko dela dio fisioak. Geldiune honetan ez naiz biziki jaitsi. San Silbestrean, adibidez, marka oso ona egin nuen, horrek asko animatu ninduen entrenatzen jarraitzeko. Ea lehenengo lasterketa nola ateratzen den.
Zure taldeak, Denontzat-ek, kirola kalera ateratzeko apustua egingo du aurten, ezta?
Bai, Donostian lehenengoz Farinato Race bat egingo dugu maiatzean. Hasiera batean Irunen egiteko asmoa genuen, abian azkenean Donostian izango da. Ohiko oztopo lasterketa bat izango da. Herritarrek kalean zuzenean ikusiko dute, aukera polita izango da kirola gertutik ezagutzeko.
Irekia izango da?
Denek izango dute aukera parte hartzeko, herritar guztiak gonbidatzen ditut. Badakit jendeari beldurra ematen diola horrelako gauzetan sartzea. Baina denak gai gara, taldearen izena bezala, denontzat egindako kirola baita. Kirol polita da. Beti diot haur bat bezala sentitzen naizela oztopo lasterketetan, parkean jolastea bezala da niretzako.