Gizarte Zerbitzuetako aurrekontua 2,3 milioi eurokoa izango da
Lehen mailako arreta zerbitzuak eramango du zatirik handiena 958.944 eurorekin; Berdintasun Plana onartzeko eta garatzeko 75.000 euro bideratuko dira.
Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen departamentuak 2.373.799 euroko aurrekontua kudeatuko du 2020. urtean zehar, gaur goizean Gotzone Larrarte zinegotziak jakinarazi duenez. Diru sail handiena lehen mailako arreta zerbitzuak jasoko du 958.944 eurorekin, eta gainontzeko proiektuen artean deigarrien suertatzen dena da Berdintasun Plana onartzeko eta garatzeko aurreikusitako 75.000 euroko diru partida.
Larrartek helarazitako datuen arabera, etxez etxeko laguntza zerbitzuak 540.256 euro jasoko ditu nahiz eta kreditu aldaketarekin kopuru hori handituko dutela iragarri duen; Kalez Kale programari 5.600 euro egokitu zaizkio eta Kasino Zaharra Erretiratuen Etxeari 183.834 euro.
Bestalde, departamentuak eskaintzen dituen zerbitzuak, diru-laguntzak eta informazio guneak eskuorri batean bilduko dituztela ezagutarazi du zinegotziak. Azkenik, Gizarte Zerbitzuaren zorraren inguruko dekretua betetzeko plan estrategiko diseinatuko dutela ere aurreratu du hautetsiak.