EAJ: «Ez da inoiz aurrekontu akordiorik lortu PSE-EErekin Irunen»
PSE-EEk egindako adierazpenak gezurtatu dituzte. Santanok alkatetza EAJrekin egindako itunari esker lortu zuela nabarmendu dute, eta ordutik «itun hori existituko ez balitz bezala jarduten» ari dela.
2020ko aurrekontuen gainean PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta EH Bilduk hitzartutako akordioak hautsak harrotu ditu. Jose Antonio Santanok atzo berretsi zuen bestelako taldeekin negoziaketek jarraitzen zutela, EAJ eta PP taldeekin zehazki.
Bada, Irungo EAJk gaur erantzun berri du, gezurtatu egin dituzte PSE-EEK azken egunotan egindako adierazpenak. Xabier Iridoy bozeramaileak esan du «ez dela inoiz aurrekontu akordiorik lortu PSE-EErekin Irunen. Eta ez da iritsi, hasieratik Jose Antonio Santanok hala nahi izan duelako». Beste behin alkatearen borondate eza agerian geratu dela nabarmendu du jeltzaleak. Joan den hilaren 3an EAJ zinegotziek eskaintza publiko berri bat egin zutela gogoratu du Iridoyk, «arrazoizkoa, onargarria, eta Irungo beharrei erantzuten zion eskaintza». Jeltzaleen planteamendua atzera botatzea leporatu diote udal gobernuari.
Santanok alkatetza EAJrekin egindako itunaz lortu zuela nabarmendu dute, eta ordutik «itun hori existituko ez balitz bezala jarduten ari da, udaleko bigarren indarra ez diren beste aukera batzuez baliatuz», dio, Elkarrekin Podemos eta EH Bildurekin egindako itunari erreferentzia eginez. Etengabe «manipulaziora eta gezurretara» jo dutela dio EAJk.