1,8 milioi bidaiari inguru jaso ditu Irunbus-ek 2019an
Orotara, 1.790.089 bidaiari izan dituzte hiriko autobusek, iaz baino %3,7 gehiago. Udalaren arabera, orain arteko «errekorra» hautsi dute 2019ko datuek.
Irunbus zerbitzuak beste errekor bat hautsi du 2019an. Gaur egin du Mugikortasun saileko ordezkari Borja Olazabalek iazko erabileraren balorazioa. Orotara, 1.790.089 bidaiari izan dituzte hiriko autobusek, iaz baino %3,7 gehiago. Udalaren arabera, orain arteko «errekorra» hautsi dute 2019ko datuek.
«Gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu autobusak hiritik mugitzeko, eta hori albiste oso ona da, oso pozik gaude datuekin», adierazi du Olazabalek. Bidaiari gehien jaso dituen linea Zaisa-Ospital-ekoa izan da, 1.252.561 lagunek erabili dute. Nabarmentzekoa ere bada L-2 zerbitzuaren igoera, 2018an baino 15.030 bidaiari gehiago izan zituen iaz. Bestelako linea zerbitzuen erabilerarekin ere oso pozik azaldu da udala.