Turismo etxeak erregulatzeko sei hilabeteko epea eman dio Alvarezek udal gobernuari
«Edozein turismo planaren lehentasuna da tankera honetako etxebizitzak arautzea», adierazi du PSE-EEren bozeramaileak.
«Kalitatezko turismoa nahi dugu, non gure bizilagunek ez duten kalterik pairatzen», adierazi du Iosu Alvarez Hondarribiko PSE-EEren Udal Taldeko bozeramaileak. Turismo etxeak eta horiek kudeatzen dituzten plataforma digitalak izan ditu hizpide sozialistak eta kezka agertu du egungo egoerarekin. «Edozein turismo planaren lehentasuna da tankera honetako etxebizitzak arautzea», ohartarazi du bozeramaileak, eta sei hilabeteko epea eman dio gobernu taldeari neurriak har ditzan.
Orain dela hiru urte onartu zuela Hondarribiko Udalbatzak sozialistek gai honi lotuta aurkeztutako mozioa, baina «oraindik ez dute ezer egin». Egungo egoerak hondarribiarrak alboratzen dituela ohartarazi du, eta neurririk ez hartu izanagatik «kudeaketan suspentso bat» eman dio Alvarezek.
Turismora bideratutako etxebizitzen kopurua dela-eta kezka agertu du sozialistak. Alokairurako etxeen prezioa mugatzea ezinbestekotzat jotzeaz gain, kontrolak eskatu ditu bozeramaileak, ezkutuko lana ekiditeko, ogasunari muzin ez egiteko eta bizilagun komunitateetan arazorik ez sortzeko. Neurri hauek guztiak hartu ezean, «gure gazteak, erosteko ahalmen urriagoa dutenak, gure herria uztera behartuak ikusiko dute bere burua», ondorioztatu du Alvarezek.