Aitor Elorza Montaiko arduradunak Abotsanitzen aurkako prozedura penala zabaldu du
Abotsanitzek salatutako «irregulartasunak» eta «mehatxuak» medio haren aurkako «irainak» eta «kalumniak» argudiatu ditu EAJko buruzagiak.
Montai enpresa taldeko arduradun eta EAJren buruzagi Aitor Elorzak Abotsanitzen aurkako ekinbide judiziala zabaldu duela jakinarazi zuen atzokoan udal alderdiak. Iragan abenduan emandako prentsaurrekoan salatutako «kontratazio irregularrak» eta «mehatxuak» direla-eta ekin dio bide penalari Elorzak. Izan ere, «irainak» eta «kalumniak» egozten dizkio jeltzaleak Abotsanitzi, nahiz eta Igor Enparan bozeramailearen arabera, «ez dakigu zer nahi duen zuzentzea, ez dakigu oso ongi zer nahi duen. Guk ez dugu ikusten printzipioz pertsona honi zuzendutako inolako irainik egin dugunik».
Abotsanitzeko kideek ohar baten bidez azaldu dutenez, Elorzaren ustetan «irain eta kalumnia» horiek «kereila kriminalaren bitartez zigortu daitezke», baina gaineratu dutenez, kereila bat jartzeko «ezinbesteko baldintza» da adiskidetze ekitaldia egitea. Hori dela eta, adiskidetze saiora deitu dituzte alderdiko ordezkariak hilaren 27an astelehenarekin, Hondarribiko Bake Epaitegian, goizeko 09:00etan. Udal taldeko kideek jakinarazi dutenez, aurreko agintaldiko ordezkariak ere izango dira bertan orduan hasi baitziren kontratazio irregularren gaia jorratzen. Balorazio ofiziala eskainiko du udal taldeak saioaren ondoren.
Elorzak abiatutako prozedura «gai politikoa» dela sinetsita agertu da Enparan HITZAri egindako adierazpenetan: «Guk enpresa baten egoera irregularrei buruz egin genituen adierazpen batzuk. Abotsanitz udal taldeari zuzenduta dago adiskidetze ekitaldia, beraz, argi dago gai politikoa dela guztiz, eta gai politikoa den heinean erantzun politikoa emateko asmoa dugu».
Taldeak egindako adierazpenak berresten dituela baieztatu du bozeramaileak. Adierazpenak ez direla haiek asmatuak gaineratu du, «kontu hartzaileak behin eta berriro esan izan duelako hainbat dekretuen bidez [irregulartasunak daudela] eta hori zuzentzea ezinbestekoa dela. Gainera, ez dugu onartuko Hondarribiko Udalari mehatxurik egitea». Gogoratzekoa da aurten ere Hondarribiko Udala ikertzea onartu duela Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, tartean Montai enpresa taldearekin izandako harremanak ere.
Abotsanitz Herri batzarrak egindako adierazpenen harira Montairekin lotutako irregulartasun kasu gehiago argitara eman dira azkenaldian, tartean, EAEko zenbait udaletxeetan zein Eusko Jaurlaritzako Gogora institutuan jasotako faborezko tratu sistematikoa. Momentuz hala ere, soilik Abotsanitzen aurkakoa da auzi judiziala.