Harrera Sareak 3.000 lagundik gora artatu ditu 2019an
Iaz egindako lanaren balorazioa egin dute. Bide batez, Frantziako poliziak kanporaketa ilegalekin jarraitzen duela salatu dute boluntarioek.
Irungo Harrera Sareak tinko jarraitzen du hirira iritsitako migratzaileak artatzen. 2019an zehar egindako lanaren inguruko balorazioa egin dute, datu zehatzak emanez.
Datuen arabera, 3.000 lagunetik gora artatu dituzte boluntarioek. Gehienak gizonezkoak (%82a) izan dira, emakumeak berriz, %10a. Haurrak ere artatu dituzte, artatutako guztien %8a. Gainera, migratzaileen jatorriari dagokionean, bereziki Ginea Conakrykoak, Boli Kostakoak eta Malikoak direla ondorioztatu dute.
Era berean, Frantziako polizia kanporaketa ilegalekin jarraitzen duela salatu du sareak, Santiago zubian bereziki. «Atzo Frantziako poliziak Biriatuko mugan eta egunerokoekin alderatuta, kontrol itzela jarri zuen prentsa han zelarik eta Frantzia eta Espainiako polizien arteko elkarlan estua erakusteko», salatu dute. Egunero kanporaketa ilegalak egiten direla diote amorruz. Esaterako, hilaren 12an sareak 12 lagun artatu zituen, ilegalki kanporatu ostean. «Argi dago bi estatuek nahiago dutela mugen kontrola eta teknologia militarra garatzen kolaboratu, giza eskubideen babesean baino», gehitu dute.
Bide batez, erakunde publikoei gogorarazi nahi izan diete migranteentzako aterpetxerako seinaleztapena harrerak berak egin zuela, «modu prekarioan», eta egoki markatzeko eskaera egin diete. Amaitzeko, neguko arroparen beharrean daudela gogoratu dute. Jakak, oinetakoak eta motxilak behar dituzte. 688 81 23 30 telefono zenbakia jarri dute eskuragarri horretarako.