VI. Txakurkros Bikejoring lehiaketarako azken dortsalak eskura daitezke
120 lagunek parte har dezakete denera asteburuan Jaizkibel inguruan izango den lehiaketan, korrika ala bizikletan, baina haien txakurrez lagunduta.
Hemen da berriz ere Hondarribiko txakurkros (txakurra eta korrikalaria) zein bikejoring (txakurrak eta bizikleta) lehiaketa. VI. Ogiberri Trofeoa izango da aurtengoa, eta dagoeneko ia dortsal guztiak saldu dituztela azaldu zuen atzokoan Juan Luis Silanes Kalixa Kirol zinegotziak. Izan ere, 120 parte hartzaileentzako dortsalak daude guztira, nahiz eta dagoeneko, 90tik gora saldu dituzten. Ostiralera arte eman dezakete izena interesdunek.
Iaz egin bezala, aurten ere bi egunez luzatuko da txapelketa eta txakurrek zein haien jabeek Hondarribia hartuko dute asteburu honetan zehar lehiaketaren kategoria ezberdinetan parte hartzeko prest. Hala, larunbatean, gaueko txakurkrosa eta bikejoring esprint probak egingo dituzte batetik, eta igandean, txakurkros absolutua, bikejoring, txakurkros herrikoia eta berritasun moduan, lehiaketatik at dagoen ibilaldi herrikoia, bestetik. Proba guztiak Jaizkibel inguruan garatuko dira, farola, Talaia eta Guadalupe inguruan hain zuzen. Gipuzkoako Mushing Txapelketarako eta Euskadiko Txakurkros Ligarako puntuagarriak izango dira probak.
Ondokoak dira ibilaldi bakoitzaren inguruko xehetasunak:
- Hilak 25, larunbata:
- ‘Bikejoring’: Farolatik abiatuta 3,5 kilometroko distantzia egin beharko dute txirrindulariek eta txakurrek erlojupean. 17:00etan hasiko da.
- Gaueko txakurkrosa: Farolatik Errotara abiatuko dira korrikalariak eta haien txakurrak, frontalez lagunduta. 4,4 kilometro egingo dituzte. 19:00etan hasiko dira, txandaka.
- Hilak 26, igandea:
- ‘Bikejoring’: Erlojupeko proba izango da farolatik abiatuta, 09:00etan. Oraingoan, ordea, 7 kilometroko tartea egingo dute lehiakideek.
- Txakurkros absolutua: Iazko ibilbide bera egingo dute korrikalariek farolatik errotara, ondoren, Talaia bidetik itzultzeko. 7,2 kilometro egingo dituzte, 10:30ean abiatuta.
- Ibilbide eta txakurkros herrikoiak: Farolatik abiatuta 2,7 kilometro egingo dituzte parte hartzaileek. 11:00etan ibilaldian parte hartzen dutenak aterako dira, eta 11:45ean txakurkrosekoak.
- Txakurkros Txikia: Txikienek parte har dezaten 50 metro eta 200 metro arteko distantzia prestatuko dute haientzat, farolan, 12:15ean.
- Sari banaketa: Higer inguruan, 12:30ean.