Hainbat departamentuetako aurrekontuen xehetasunak eman ditu Serranok
Ekonomia, Merkataritza eta Turismo sustapenerako, Euskara arlorako, eta Gazteria eta Prebentzio Komunitariorako diru sailak eta proiektu nagusiak jakinarazi ditu hautetsiak.
2020. urteko aurrekontuen nondik norakoen azalpenekin aurrera jarraitu du gaur Hondarribiko Udalak. Ekonomia, Merkataritza eta Turismoa, Euskara, eta Gazteria eta Prebentzio Komunitario departamentuetako Maria Serrano arduradunaren txanda iritsi da gaurkoan. Azaldutakoaren arabera, hautetsiak zuzentzen dituen departamentuen artean, Ekonomia, Merkataritza eta Turismoaren sustapena izango da onuradun nagusia, 1.438.553 eurorekin.
Lau dira Serranok zehaztutako helburu nagusiak: turismo iraunkorraren aldeko apustua; tokiko merkataritza eta zerbitzuak babestea; ekintzailetza, berrikuntza eta prestakuntza sustatzea; eta ekonomiaren zein enpleguaren hazkundea.
Hori horrela, iragan astean aurkeztutako Turismo Plan Estrategikoa garatzeko 619.661 euro bideratuko ditu udalak. Bestalde, ekintzailetza eta enplegu programa ezberdinak aurrera eramateko asmoz bigarren enpresa gunea zabaldu nahi dutela Puntalean azaldu du Serranok. 459.127 euro zuzenduko dituzte horretara. Azkenik, Hondarribia Abian programak 294.828 euro jasoko ditu, eta ekintzaileak eta lokalen modernizazioan laguntzeko beste 60.000 euro banatuko dira.
Euskara, eta Gazteria eta Prebentzio Komunitarioa
Agintariak zuzendutako beste bi arloei dagokienez, Euskara departamentuak 768.051 euro jasoko ditu, «hizkuntzaren erabilera sustatu eta ezagutza hobetzeko». Hala, Euskararen Sustatze Plana zein Euskararen Erabilera Plana garatzeko 232.848 euro bideratuko dituzte, baita 61.602 euro ikastetxe, elkarte eta herritarren jarduerak burutzera ere. Blagan euskara elkarteak 9.000 euro jasoko ditu. Amaitzeko, Euskaraldiaren bigarren ekitaldia sustatzeko, dinamizatzaile bat kontratatzeko, euskaltegiko eta barnetegietako ikasleentzako, zein merkatarien webguneak eta errotuluak euskaratzeko diru partida bat egongo dela zehaztu dute.
Azkenik, Gazteria eta Prebentzio Komunitarioak 730.157 euro jasoko dituela ezagutarazi du zinegotziak, nahiz eta esandakoaren arabera, «kreditu aldaketa onartzean nabari handituko da kopurua». Aldaketarekin lortutako kopurua gehienbat Sainduako gaztelekuko eraberritze lanen proiektura bideratuko da.