Greba deialdia bertan behera utzi dute zaintzaileek %24ko soldata igoera hitzartuta
Atzo bertan itxi zuten akordioa UTE Clece Zaintzen enpresa kudeatzailearekin; igoeraz gain, subrogazio eskubidea eta lan erreformaren aurkako klausulak txertatzea lortu dute beharginek.
Hondarribian etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen duten 22 langileek bertan behera utzi dute datorren asterako iragarritako greba deialdia, ELA sindikatuak jakinarazi duenez. Hitzarmena lortu dute beharginek UTE Clece Zaintzen enpresarekin eta soldata batez beste %24ean igotzea onartu du zerbitzuaren kudeatzaileak. Horrez gain, subrogazio eskubidea bermatzea eta lan erreformaren aurkako klausula guztiak akordioan txertatzea ere lortu dute langileek.
ELAk dioenez, «oso positibotzat» jo dute hitzarmena zaintzaileek, eta aurtengo apiriletik 2023aren bukaerara bitartean aplikatuko dela ezagutarazi dute. Iazko mobilizazioen «garrantzia» nabarmendu du sindikatuak, eta ohartarazi duenez, hilaren 27, 28 eta 29rako iragarritako grebaren ondorioz iritsi da hitzarmena.