Gaixo dagoen emakume bat laguntzeko deia luzatu du Abotsanitzek
«Bihotz arazo larriak» eta «%48ko elbarritasuna» dauzka Alde Zaharreko bizilagunak; igogailu faltak eta bainuontziak haren bizitza ezinezkoa egiten dutela salatu dute.
Maria Angeles Thomen Alde Zaharrean kokatutako Harategi kalean bizi den adineko pertsona da, eta «bihotz arazo larriak» izateaz gain, «%48ko elbarritasuna» daukala salatu dute gaur goizean Abotsanitz Udal Taldeko Estitxu Urtizberea zinegotziak eta Josu Peña gizarte zerbitzuetan adituak. Igogailurik gabeko eraikinean bizi dela azaldu dute, eta beraz, ezinezkoa zaiola kalera ateratzea. Dutxa platerik ez izateak haren bizitza are gehiago zailtzen duela gaineratu dute.
«Azken urtean bitan ingresatu dute», azaldu du Urtizbereak, «eta hori gutxi balitz bi orno puskatu zituen orain gutxi». Larrialdi zerbitzuek gainera, ezin dutela pazientearen ongizatea bermatu eskaileretan behera mugitu behar dutenean gehitu dute.
Mugikortasun arazoetara egokitutako alokairuzko etxebizitza baterako eskaera bitan erregistratu du Thomenek Hondarribiko Gizarte Zerbitzuetan, zinegotziak adierazi duenez, «baina ez diote erantzunik eman». Izan ere, larrialdi kasuetara bideratzeko bost etxebizitza ditu Hondarribiko Udalak, horietako lau, hutsik, hizlarien arabera.
Hori dela eta laguntza eskatu dute Urtizbereak eta Peñak, eta herritarren batek egokitutako etxebizitzaren bat Thomeni alokairuan emateko eskaria helarazi dute. Horretarako bi posta elektroniko luzatu ditu alderdiak, lehena Thomenena, eta bigarrena, Abotsanitzena.